‘Gida bira’ ekimenak museoak eta bertsolaritza uztartuko ditu

Azaroaren 29tik abendura 3ra arte egingo den ekimen horretan 16 bertsolarik bisita bereziak gidatuko dituzte Bizkaiko 9 kulturgunetan.

Bizkaiko Foru Aldundiak, Euskararen Etxearen bidez, lurraldeko bederatzi kultura-gunetan kultura-ondarea eta bertsolaritza uztartuko dituen “Gida Bira, gure museoak bertsotan” ekimenarekin ospatuko du Euskararen Nazioarteko Eguna. Azaroaren 29an hasi eta abenduaren 3ra arte luzatuko den programazioaren barruan, hamasei bertsolarik ondare materiala interpretatuko dute euskarazko ahozko inprobisazioaren bidez.

Lehenengo bisita azaroaren 29an izango da Bermeoko Arrantzaleen Museoan. Bertan, Ander Elortegi eta Enare Muniategik “Bermeo Portu Zaharra 1877-2024” argazki-erakusketa jorratuko duten. Azaroaren 30ean, programa Bilbora mugituko da bi saiorekin: lehena, Arkeologia Museoan Iruri Altzerreka eta Gorka Pagonabarragarekin eta, bigarrena, Euskararen Etxean Maite Sarasola eta Xabat Galletebeitiarekin.

Gida Bira

Abenduaren 1ean bost emanaldi kontzentratuko dira lurraldeko beste hainbat puntutan: La Encartada Fabrika-Museoa Balmasedan, El Pobaleko Burdinola Muskizen, Euskal Herria Museoa Gernika-Lumon, Santimamiñeko kobazuloa Kortezubin eta Txakolingunea Bakion.

Ekimena Euskararen Egunean amaituko da, abenduaren 3an, Bilbon egingo diren bi saiorekin. Goizean, Foru Jauregian, Xabat Galletebeitia eta Ane Labaka arituko dira. Arratsaldean, Ondare Aretoan Maite Sarasolak eta Eneko Abasolo Abarkasek XIX. eta XX. mendeetako Bizkaiko emakumeen jantziak biltzen dituen “Kameratik Orratzera” erakusketa jorratuko dute, XIX. eta XX. mendeetako Bizkaiko emakumeen jantziei buruzkoa.

Euskarazko ahozko inprobisazioaren bidez Bizkaiko ondarearen ikuspegi berri bat eskaini nahi duen kultura-proposamen honetan parte hartu ahal izateko aurretiko izen-ematea beharrezkoa da.