HARRIA, hiri espazioetako koreografia lehiaketaren II. edizioa Gasteizen

Lehiaketak 3.000 euro baino gehiago banatuko ditu sarietan eta Gasteizko Kaldearte jaialdiarekin batera ospatuko da

 Irakurketa denbora: 2 minutu

Ekainaren 15ean izango den Kaldearte jaialdiak Harria-Gasteizko Hiri Espazioetako Dantza Garaikidearen Lehiaketa Koreografikoaren II. edizioa hartuko du. Larrua Proiektuak antolatzen duen egitasmo honek ez du parekorik gure artean eta, iaz izan zen lehen edizioaren arrakastaren ostean, bigarren edizio honetarako zenbait nobedade iragarri dira. Horrela, lehiaketaren irismena handitzeko, Estutako koreografo eta interpretatzaile profesionalek ez ezik, Frantziako Akitania eta Okzitania eskualdeko profesionalek ere parte hartu ahal izango dute. Interesdunek martxoaren 17ra arte aurkeztu ahal izango dituzte euren hautagaitzak Larrua Proiektuaren webgunearen bidez.

Harria

Proposamenak bakarkakoak zein taldekakoak izan daitezke. Azken kasu horretan, taldeek, gehienez, lau lagun izango dituzte. Horrez gain, aurkezten diren proposamenak argitaragabeak edo 2024an estreinatuak izan beharko dute. Lehiaketak bereziki baloratuko ditu espazio urbanoetarako berariaz sortutako koreografiak, areto edo antzokietarako pentsatutako piezen egokitzapenak saihestuz.

Aditu talde batek lau proposamen finalista hautatuko ditu, ekainaren 15ean Probintzia plazan aurkeztuko direnak, Kaldearte-Kaleko Arteen Nazioarteko Erakusketaren barruan. Emanaldiak ospe handiko epaimahai batek ebaluatuko ditu, konposizio koreografikoa, kontzeptua, originaltasuna eta proiekzio profesionala baloratuz.

Aurreko urteko edizioarekin alderatuta, edizio honek sari ekonomikoen zuzkidura handituko du. Horrela, koreografia onenaren saria irabazten duen horrek 1.309 euroko saria jasoko du. Dantzaririk onenaren kasuan, saria 654 eurokoa izango da, konpainia emergente eta koreografian aipamen berezia irabazten duten horiek jasoko duten kopuru berbera. Azkenik, publikoaren sariaren irabazleak 416 euro jasoko ditu. Horrez gain, irabazleek sormen-bekak, egoitza artistikoak eta beste lehiaketa batzuetan parte hartzeko aukera ere izango dute.



Pasa den urtean egin zen lehen edizioan 31 proposamen jaso ziren. Horietako askorentzat erakusleiho ezin hobea izan zen eta, horri esker, hainbat kontratazio egin ziren. Lehen edizio horretako proposamen finalistak ‘Vertebrata’, ‘Bailaban las perolas’, ‘Dos pies para dos’ eta ‘Henko’ izan ziren. Koreografia onenaren eta publikoaren sariak Olaia Vallek eta Gillesek jaso zituzten ‘Dos pies para dos’ lanarekin. Interpretatzaile onenaren sari, berriz, Alejandra Balboak jaso zuen ‘Vertebrata’ lanari esker. Azkenik, epaimahaiaren aipamen berezia Aragoitik iritsitako ‘Bailaban las perolas’ lanak jaso zuen.

Advertisements