
Irakurketa denbora: Minutu 1
Zabalik da Kutxa Fundazioa Irun Literatura Sarien aurtengo lehiaketa. 46. edizio honetan lehiaketak ohiko lau modalitateei eutsiko die: eleberria eta poesia, euskaraz zein gaztelaniaz. Lanak aurkezteko epea datorren apirilaren 22ra arte izango da zabalik. Irabazle guztien artean 70.000 euro banatuko dira sarietan.
Deialdiak parte hartzeko baldintza ezberdinak ezartzen ditu aukeratutako hizkuntzaren arabera. Gaztelaniazko kategorietarako, adibidez, ezinbestekoa da Espainian erroldatuta egotea; euskarazko modalitateak, ordea, edozein herrialdetako parte-hartzaileei irekita daude, haien nazionalitatea edozein dela ere.
Sariek ere iazko diru-kopuru berdinei eutsiko diete: 20.000 euro eta garaikurra eleberri kategorian eta 15.000 euro eta garaikurra poesia kategorian. Lehenengo kasuan, lanek, gutxienez, 150 folioko luzera izan beharko dute. Poesia kategoriarako, berriz, lanek, gutxienez, 800 bertso-lerro izan beharko dute. Bi kasuetan, lanek edozein gai jorratu dezakete eta egileek narrazio- eta forma-askatasuna izango dute.
Lehiaketaren ezaugarrietako bat da lan irabazleak argitaratu egingo direla. Edizio honetan, euskarazko testuak Elkarrek argitaratzen jarraituko du; gaztelaniazko lanetarako, berriz, bi argitaletxe berri gehitu dira: Pepitas de Calabaza eleberrirako eta Reino de Cordelia poesiarako.
Hautaketa prozesua irailaren 13an amaituko da irabazleen izendapenarekin. Sari-banaketa ekitaldia azaroaren 21ean egingo da.