
Irakurketa denbora: Minutu 1
Gasteizko Montehermoso Kulturuneak arte garaikideko sorkuntza proiektuak ekoizteko 2025erako laguntzen deialdia iragarri berri du. Bertan parte hartu nahi duten sortzaileek apirilaren 11ra arte aurkeztu ahal izango dituzte beren hautagaitzak, bai Herritarren Arretarako Bulegoetan, bai Udalaren Egoitza Elektronikoaren bidez.
Proiektu Artistikoak 2025
Deialdiak aurreko edizioen formatuari eutsiko dio, eta lau proiektu hautatuko ditu. Proiektu bakoitzak 7.000 euroko laguntza jasoko du ekoizpenerako, iaz baino % 6 gehiago. Hautatutako lanak kultura zentroaren aretoetan erakutsiko dira 2026an. Gainera, kulturunearen baliabide tekniko eta giza baliabideen laguntza era izango dute, baita erakusketa bakoitzarentzako berariazko katalogo baten argitalpena ere.
Ekimen honen helburua da arte garaikideko praktikan hizkuntza eta diskurtso berriak aztertzen dituzten proiektuen ekoizpena, erakusketa eta hedapena sustatzea. Deialdiaren oinarriak eskuragarri daude esteka honetan.
Deialdi berri hau garatzen den bitartean, kultura zentroak 2024ko edizioan hautatutako proiektuak aurkezten jarraitzen du. Une honetan, eta martxoaren 16ra arte, Verónica Domingo-Alonsoren ‘Metralla Zauriak’ lana ikusi ahal da Ur Biltegi Zaharrean. Hurrengo hilabeteetan Ivan Gómezen “La frágil piel del mundo”, Mar de Diosen “Perséfone” eta Maider Garayoren “Camiseta flúor y bañador Speedo” lanak ere ikusi ahal izango dira.