Zabalik da Donostiako Gazteen Antzerki Topaketan izena emateko epea

14 eta 30 urte bitarteko gazteen talde ez-profesionalek martxoaren 9ra arte aurkeztu ahal izango dituzte beren proposamenak

 Irakurketa denbora: Minutu 1

Abian da Donostiako Udaleko Gazteria Sailak antolatzen duen Gazteen Antzerki Topaketaren XXXVI. edizioa. Donostia Kulturaren eta Kutxa Fundazioaren laguntzarekin antolatu ohi den ekimen honen helburua da gazteak antzerkiarekin harremanetan jartzea, sortzaile, antzezle edo ikusle gisa. Topaketan parte hartu nahi duten gazteek martxoaren 9ra arte izango dute izena emateko aukera.



Topaketa 14 eta 30 urte bitarteko gazteek osatuta dauden talde ez-profesionalei zuzenduta dago. Lehentasuna emango zaie ikastetxe, unibertsitate, antzerki eskola edo Donostian egoitza duten beste zentroei lotutako taldeei. Talde independenteek ere parte hartu ahal izango dute, betiere kideen erdiak gutxienez hirian erroldatuta badaude. Euskararen erabilera baloratuko da hautaketan.

Antolatzaileek adierazi dutenez, Topaketak antzerkiarekiko harremana sustatzeaz gain, parte-hartzaileen garapen sortzailea eta haien kultur ekoizpenaren zabalkundea ere bultzatu nahi du.

Aurtengo edizioan parte hartu nahi duten gazteek izen-emate orria bete eta obraren argazki adierazgarri batekin batera bidali beharko dute gazteria@donostia.eus posta elektronikora.

Advertisements