
Irakurketa denbora: Minutu 1
Bizkaiko Foru Aldundiaren Enplegu, Gizarte Kohesio eta Berdintasun Sailak amodio erromantikoari lotutako estereotipo kaltegarriei aurre egiteko kanpaina berria jarri du San Valentin eguna dela eta. Ekimenak Bilboko geltoki intermodalaren ondoko plaza hausnarketarako gune bilakatu du espazio hori lehen hitzordu baten eszenatokia bihurtuz.
#SanValentínFAQ
#SanValentínFAQ traola erabiltzen duen kanpainak “Jeloskortasuna benetako maitasunaren seinale al da?” edo “Traizioa al da beste pertsona batzuei sare sozialetan like ematea?” bezalako galderak aurkezten ditu. Helburua erromantizismoaren itxura duten zenbait dinamiken atzean ezkutatzen diren disparekotasunen inguruko hausnarketa sustatzea da. Kanpaina, nagusiki kanal digitalen eta sare sozialen bidez garatzen ari da. Horri esker, harreman osasuntsuen inguruan dituzten galderak eta hausnarketak partekatzeko aukera ematen zaie parte-hartzaileei.
Pasa den urtean Arartekok argitaratu zuen “Jarrera matxistak Euskadiko nerabeen eta gazteen artean” azterlanaren arabera, EAEko gazteen % 30 inguruk jelosia maitasun-frogatzat hartzen du. Ildo berean, Euskadiko gazteen 2024ko egoeraren diagnostikoak erakusten duenez, emakume gazteen aurkako indarkeria bere inoizko mailarik altuenera iritsi da, 15 eta 29 urte bitarteko 1.000 emakumeko 9,8 kasurekin.
Bestalde, Osasunaren Mundu Erakundeak azaldu duenez, bikotekide harremanetan esperientzia duten nerabeen ia laurden batek sexu-indarkeria edo indarkeria fisikoa pairatu izan du 20 urte bete aurretik.
Adierazle horiek, indarkeria matxista ukatzeko joera gero eta handiagoarekin batera, Aldundia bultzatu dute elkarrekiko errespetuan eta berdintasunean oinarritutako harreman-ereduak sustatzeko ahaleginak areagotzera, jokabide toxiko eta kontrolatzaileetatik urrunduz.
“Maitasun erromantikoaren mitoa kontzeptu okerra izateaz gain, indarkeria eta desberdintasuna elikatzen dituen egitura ere bada. Ideal horietan oinarritutako harremanek desberdintasuna dakarten botere-dinamikak sendotzen dituzte, eta horrez gain, emakumeak maitasun-eredu suntsitzaileetan galduta uzten dituzte. Hori ez da norberaren arazo indibiduala, gai estruktural eta soziala baizik, errotik bertatik erauzi behar duguna sendo, denok batera
” azaldu du diputatu nagusiorde eta Enplegu, Gizarte Kohesio eta Berdintasun sailburu Teresa Laespadak.