Indarkeria matxistaren aurkako eslogan lehiaketa Santurtzin

Hautatutakoak olanetan eta eranskailuetan jarriko dira ikusgai, eta hiru irabazlek 600 euro jasoko dituzte guztira

Santurtziko Udalak indarkeria matxistaren aurkako esaldi eta/edo esloganen lehiaketa bat abiarazi du Karmengo jaiei begira. Ekimen honek “pentsamendu kritikoa sustatu nahi du, eta emakumeek eta gizonek egungo desberdintasun-egoeraren aurrean duten erantzuna bultzatu”. Era berean, indarkeria matxistarik gabeko jaiak aldarrikatu nahi dira, eta emakumeek jaietan jasaten dituzten indarkeria sexistako egoerak ikusarazi.

Esaldiak banaka edo taldeka aurkeztu ahal izango dira (gehienez 5 pertsona talde bakoitzeko) ekainaren 13ra arte, 14 urtetik gorakoek parte hartu ahal izango dute eta euskararen erabilera positiboki baloratuko da lanetan.

Hiru esaldi onenak bakarrik sarituko diren arren, Karmengo jaietan Agirre Lehendakariaren pasealekuan edota Itsasaldeko olanetan erakusteko irizpideak betetzen dituzten guztiak aukeratuko dira. Gainera, aukeratutako esaldiak eranskailuetan argitaratuko dira.

250, 200 eta 150 euroko hiru sari daude.