Ekainaren 7an, Nafarroan enpresa proiektu berriak sustatu eta negozio ideia berritzaileak atzematea helburu duten ‘Iníciate 2022 Sariak’ banatu dira. Sariak, Nafarroako Gobernuko Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak antolatzen ditu Nafarroako Enpresen eta Berrikuntzaren Europako Zentroaren (CEIN) bidez.
Deialdi honetan 4.000 euroko saria eman zaie S4 Nafarroako Espezializazio Adimentsu eta Jasangarriaren Estrategian jasotako sektore teknologiko-digitaleko, ekonomia berdeko, osasuneko eta nekazaritzako elikagaien sektoreko proiektu berritzaile onenei.
Irabazleak
Sektore teknologiko-digitalean bi izan dira irabazleak. Lehenengoa, VORS Control egitasmoa da, industriako kontrol-sistemen eraginkortasun eza eta errentagarritasun txikia atzematen duen proiektua. Bigarrena, berriz, Climbing GoGor izan da. Proiektua eskalatzeko gailu txiki batean oinarritzen da eta eskuko hatzak lantzeko, berotzeko eta birgaitzeko diseinatuta dago.
Ekonomia berdearen atalean, proiektu irabazlea Partum izan da. Proiektu honek online egindako erosketen eta itzulketen % 100 bermatzen du, nahiz eta jasotzailea modu jasangarrian bertan ez egon, bere etxean edo enpresan postontzi adimendun bat jartzen duelako.
Osasunaren arloan, Fénix FC Protect izeneko egitasmoak irabazi du lehen saria. Proiektu horren xedea da gorputzeko bizi-zatiak babesteko ebakien aurkako barruko arropa diseinatzea segurtasun-indarrak eta -kidegoak osatzen dituzten gizon eta emakumeentzat.
Aurtengo edizioan ez da irabazlerik izan nekazaritzako elikagaien atalean.
Etorkizunera begira
Negozio-ideiaren garapenarekin eta merkaturatzearekin lotutako helburuetarako erabiliko diren esku-dirutan emandako sariez gain, irabazleek plaza bat irabazi dute CEINen azelerazio-programa espezializatuetako batean parte hartzeko. Egitasmo bakoitza dagokion sektorean arituko da (Digitech, Green edo Health) eta sei hilabetez lan egin ahal izango dute Berrikuntzaren Haztegian.
Egitasmo irabazleak aurrez hautatutako beste 12 proiektuetatik aukeratuak izan dira. Guztira, 43 izan dira ‘Iníciate’ sarien aurtengo edizioan parte hartu duten egitasmoak. Horietan 65 ekintzaile aritu dira, 44 gizon eta 21 emakume.