Itzuli dira Bilbora Udako Liburutegiak

Udalak berriro ekingo dio programa hori, udan herritarren artean irakurtzeko ohitura eta liburutegien erabilera sustatzeko, liburuez gozatzeko aukerak zabalduz

Bilboko Udalak irakurzaletasuna sustatuko du udan zehar “Udako Liburutegiak” programarekin. Udal Liburutegien Sareak antolatutako ekimen horrek hiriko hainbat plazatan irekiko ditu espazioak, liburuak, aldizkariak, egunkariak eta irakurzaletasuna sustatzeko jarduerak eskainiz.

Udako programa datorren astelehenean, uztailak 3an, hasiko da, eta uztailaren 21era arte egongo da eskuragarri Uribarriko Eskolako Landan, Zorrotzako Merkatu Plazan eta Elorrietako Elorrieta parkean. Ondoren, uztailaren 24tik abuztuaren 11ra bitartean, egitasmoa Santutxuko Karmelo plazara, Errekalde plazara eta Miribillako Gernikako lorategietara mugituko da.

Zerbitzua astelehenetik ostiralera egongo da eskuragarri, 11:30etik 13:30era eta 17:00etatik 20:00etara, jaiegunetan izan ezik.

Halaber, irakurzaletasuna sustatzeko tailerrak, jolasak eta ipuin-kontalariak eskainiko dira haurrentzat.

Ohiko zerbitzuez gain (liburuen kontsultak eta maileguak, CDak, DVDak, Interneterako sarbidea, etab.), udan Bilboko Udal Liburutegiek honako zerbitzu hauek ere eskainiko dituzte:

  • Irakurketa-zerbitzua: hainbat eleberri, haur eta gazteentzako literatura, aisialdiko liburuak, autolaguntza, aldizkariak eta prentsa jarriko dira jendearen eskura.
  • Liburuen mailegu-zerbitzua: interesatuek nahi dituzten liburuak etxera eraman eta barrutian bertan ezarritako epearen barruan itzuli ahal izango dituzte. Euskadiko Irakurketa Sare Publikoko liburutegietako txartelik ez dutenek bertan eskatu ahal izango dute.
  • Irakurzaletasuna sustatzeko jarduerak: umeentzat bereziki diseinatutako tailerrak, jolasak eta ipuin kontaketak antolatuko dira.