Sexu-abusuen bi kasutik bat familia ingurunean gertatzen da

Lege-sisteman sartzen diren sexu-indarkeriako kasuen % 70 ez da inoiz ahozko epaiketara iristen.

UPV/EHUren Uda Ikastaroen barruan antolatu den “Kontaidazu zer gertatu zen: Indarkeria jasaten duten haur eta nerabeak elkarrizketatzen” ikastaroaren aurkezpen ekitaldian Berdintasun, Justizia eta Gizarte politiketako sailburu Nerea Melgosak azaldu duenez, “sexu-abusuen bi kasutik bat familia-ingurunean gertatzen da”. Hitzaldi berean Melgosak “sexu-abusuen kasuen % 81 neska edo emakume nerabeei, gehienak 14 eta 17 urte bitartekoen artean” dagozkiela salatu du.

Ertzaintzak 2020. Urtean bildu zituen datuen arabera, 1.459 adingabe izan ziren delitu baten biktima, tratu txarrak edo familia barruko indarkeria nagusiki (657 adingabe).

Izozmendiaren punta

Melgosaren esanetan, “Euskadi kohesio sozial, elkartasun eta giza eskubideen defentsa maila altua duen herrialdea da. Baina, aldi berean, haur eta nerabe batzuek egunero oso indarkeria larriak jasaten dituzte”. Hortaz, sailburuaren ustez, “itxura guztien arabera, izozmendiaren punta da. Tratu txarren eta abusuen kopuru beltz bat ez da beldurragatik salatzen, nahasmendu disoziatiboak daudelako, haurrek egin dietena ulertzeko edo adierazteko elementurik ez dutelako edo errua leporatuko dieten edo sinetsiko ez dieten usteko beldurragatik”.

Salatzen diren sexu-indarkeria kasuek gora egin dute azken urteetan. “Salaketa dagoenean, prozesu judizial gogor bat hasten da biktimentzat, haurrentzat egokituta ez dagoen ingurune batean. Prozesu hori urteak luza daiteke, eta orain dela gutxira arte trauma berpiztu behar izan dute, defentsak haien testigantza zalantzan jar zezakeen hainbat adierazpenetan”, gaineratu du sailburuak.

Justizia eta adingabeak

Euskadiko 2022-2028ko Justizia Plan Estrategikoak, Justizia eta adingabeak izeneko proiektu bat barneratzen du, adingabeek, beren behar espezifikoen arabera, Justizian duten sarbidea eta arreta hobetzeko.

Proiektu horrek adingabeei beren eskubideei eta eragiten dieten prozedurei buruzko informazio egokitua ematen die. Gainera, aintzat hartzen du haurren aurkako indarkerian espezializatutako zigor-arloko epaitegiak behar direla.

Save the Children-en arabera, lege-sisteman sartzen diren sexu-indarkeria kasuen % 70 inguru ez da inoiz ahozko epaiketara iristen. “Justizia haurren eta haien beharren mailan jartzea oso garrantzitsua da, sistemari aurre egiten diotenean, ulertu ezin duten helduen mundu beldurgarrira botatzen dituztelako”, azpimarratu du sailburuak.

“Euskadin badaukagu haurren eta nerabeen aurkako indarkeria prebenitzeko estrategia bat, indarkeria prebenitzeko eta garaiz detektatzeko, eta arreta, babesa eta erreparazioa eraginkorragoa emateko”, esan du Melgosak.

Sailburuak gogorarazi du atzo Gobernu Kontseiluan Haurren eta Nerabeen Legearen proiektua onartu zela. “Proiektu honek giza eskubideen eta oinarrizko askatasunen erabateko eta bidezko inplementazioa sustatzen eta bermatzen du, adingabe guztiak edozein indarkeria-motatatik babesteko eremu guztietan”, amaitu du Melgosak.