Izan liteke konstelazio, izan gabe izar

Donostiako Okendo Kultur Etxeak Mikel Laboari omenaldia egiten dion erakusketa hartuko du urtarrilaren amaierara arte.

Literaktum jaialdiaren barruan, Okendo Kultur Etxeak Mikel Laboari eskainitako erakusketa bat hartuko du urtarrilaren 27ra arte. “Mikel Laboa… izan liteke konstelazio, izan gabe izar” izenburupean, erakusketaren helburu nagusia musikariaren heriotzaren 15. urteurrena ospatzea da.

Mikel Laboa, Euskal Herriko abeslari maitatu eta miretsienetako bat bezala aitortua, tradizioa, ikuspegi urratzailea eta bere ahotsak eskaintzen zuen katarsiagatik da gogoratua. Erakusketak musikari donostiarraren pasarte esanguratsuenak errepasatzen ditu. Horretarako Harkaitz Canok eta Unai IturriagakNi ez naiz Mikel Laboa’ komikirako idatzitako testuetan eta  Joseba Larratxe ‘Josevisky’-ren marrazkietan oinarritzen da. Liburuaren ildo berritzaile berari jarraituz, erakusketak ohiko molde biografikoak hausten ditu, Laboaren espiritu musikalak, nortasunak eta umoreak narratiba gida dezaten ahalbidetuz.

Asteazken honetan, azaroak 22, Cano, Iturriaga eta Larratxe ‘Ni komiki bat naiz! Mikel Laboa iruditan’ izenburua duen eta Okendo Kultur Etxean izango den solasaldian izango dira. Ekitaldian zehar, pertsonaia erreal bat irudietan irudikatzeak dituen abantaila eta zailtasunei buruz hitz egingo dute, komikiaren sorkuntzan izandako esperientzian oinarrituta. Gainera, Joseba Larratxek hitzaldi bat eskainiko du datorren abenduaren 12an argitalpenaren sormen-prozesua azaltzeko. Erakusketan prozesu horretan erabilitako materialak ere ikusi ahal izango dira, aurtengo Euskadi Saria irabazi duen ilustratzailearen lana azpimarratzeko.