José Ángel Herrero-Velarde beken hirugarren edizioa

Deialdiak 3.500 euroko hiru beka eskaintzen ditu Donostia Zinemaldiko artxibo historikoa ikertzea helburu duten egitasmoak laguntzeko

 Irakurketa denbora: 2 Minutu

Abian da Donostia Zinemaldiak eta Elías Querejeta Zine Eskolak antolatzen duten José Ángel Herrero-Velarde beken hirugarren edizioa. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Departamentuaren babesa duten beka hori xedea da Donostia Zinemaldiko artxibo historikoa ikertzea. Beka eskatzeko epea apirilaren 22ra arte izango da zabalik. Beka eska dezakete Gipuzkoan jaio edo/eta bizi diren pertsonek eta Estatuko gainerako lekuetan jaio edo, gutxienez, bi urtez bertan bizi izan direnek. Asmo-gutun bat eta curriculum vitaearekin batera, hautagaiek ikerketaren gaia, metodologia eta ikerketa-iturriak adierazi beharko dituzte proiektuan. Eskaerak Zinemaldiaren artxiboaren webguneko plataforman aurkeztu behar dira. Webgune horretan ere daude beka honen oinarriak.

José Ángel Herrero-Velarde bekak

Beka deialdiaren barruan hiru ikerketa-proiektu aukeratuko dira. Onuradunen izenak maiatzean emango dira ezagutzera. Horietako bakoitzak 3.500 euro jasoko ditu ikerketa gauzatu ahal izateko. Gainera, onuradunek artxibora sartzeko aukera izango dute uztailaren 7tik 18ra bitartean.

Tabakalera eraikineko egonaldi-fasean, non Zinemaldiaren artxiboa osatzen duten material guztiak dauden, Euskadiko Filmategian Interneteko konexioa duen lanerako eta kontsultarako gune bat eskainiko da. Bestalde, eraikinean eta aldamenekoetan dauden funts eta artxibo zinematografikoetarako sarbidea bermatuko da, eta eraikineko baliabide eta jardueretarako sarbidea emango da, hala nola zinema-saioetarako, tailerretarako eta eskola magistraletarako.



Ikerketa-artikuluek 6.000 eta 10.000 hitz arteko luzera izan beharko dute. Donostia Zinemaldiko eta Elías Querejeta Zine Eskolako profesionalez osatutako batzorde batek lanak gainbegiratuko ditu. Hautatutako pertsonek zortzi hilabeteko epea izango dute, hautaketa-egunetik hasita, lanak amaitzeko, bi hilabeteko luzapena eskatzeko aukerarekin. Donostia Zinemaldiak proiektuen argitalpena babestuko du, ikertzaileen eta hauen edizioan interesa duten argitaletxe edo aldizkarien arteko bitartekari gisa jardunez.

Laguntza ekonomikoaz gain, programak kontsulta-egunetako dietak ere ordainduko ditu, baita bidaia eta ostatua ere Gipuzkoan bizi ez diren onuradunentzat.

Beren lanak egiteko, ikertzaileek Zinemaldiko artxibo historikoko 4.000 dokumentu digitalizatu inguru kontsultatu ahal izango dituzte Artxiboa atariaren bidez. Atari horrek 35.000 fitxa deskriptibo baino gehiagoko katalogoa eskaintzen du. Funts hauen artean daude Zinemaldiko berezko funtseko eta Kutxatekako 3.000 argazki ingururen digitalizazioak, Zinemaldiko 733 egunkari-ale 1953tik gaur arte, ia edizio guztietako 320 kartel inguru, eta Artxibo Orokorreko eta Prentsako hautatutako materialak.

Bekek 2022an zendu zen José Ángel Herrero-Velarde ‘Notario’-ren izena daramate, Zinemaldiko zuzendaritza- eta hautaketa-batzordeko kide izan zenaren omenez.

Advertisements