Azken sei hilabeteetan, Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera (BGDS) edo Errenta Bermatua jaso duten 87 gaztek parte hartu dute Nafar Lansarek Iruñeko Udalarekin elkarlanean antolatzen duen KONEKTA programan. 25 urteko batez besteko adinarekin, parte-hartzaileek, 52 emakumek eta 35 gizonek, lan-orientazioa eta prestakuntza jaso dute, eta, horri esker, horien % 29k, hau da, 25 pertsonak, lana lortu dute dagoeneko.
Apirilean hasi zen KONEKTA programaren helburua da Iruñean bizi diren eta laguntza ekonomikoak jasotzen dituzten 30 urtetik beherako 90 gazteri gutxienez laneratzen edo prestakuntza ematen laguntzea. Orain arte, parte-hartzaileen % 50ek (43 pertsona) prestakuntza-ekintzak hasi dituzte; horietatik 11k araututako ikasketei ekin diete berriro, eta 32k lanbide-gaikuntzako programetan eman dute izena.
700 hautagai baino gehiago
Hautaketa-prozesurako 717 hautagai aurkeztu ziren, eta horietatik 87 gazte aukeratu ziren. Artatutako gazteen % 43 guraso bakarreko familietakoak dira; eta, % 62 Espainiatik kanpoko jaiotakoak dira. Parte-hartzaileen artean 19 nazionalitate ezberdin daude.
Programaren ikuspegiak parte-hartzaile bakoitzaren hobekuntza-arloak identifikatzeko diagnostiko pertsonalizatua barne hartu du, eta, ondoren, banakako ekintza-plan bat diseinatu da, tutoretza pertsonalizatuak eta talde-jarduerak konbinatuz. Egindako jardueren artean 15 prestakuntza-ekintza daude, eta horietatik 6 programako talde teknikoak emandako tailerrak izan ziren. Honako gai hauek jorratu ziren: familia eta lana uztartzea, enplegurako trebetasunak, komunikazioa, migrazio-dolua eta erresilientzia.
Prozesuan zehar, gazteek funtsezko gaitasunak eskuratu dituzte, hala nola autokonfiantza, komunikazio eraginkorra, denboraren kudeaketa eta trebetasun digitalak, guztiak enplegagarritasuna hobetzera bideratuak.
KONEKTAren alderdi nabarmenetako bat “topaketa gertaezinak” deiturikoak izan dira. Saio horiek gazteak lan- eta hezkuntza-munduarekin lotu zituzten, hainbat erakundetan izandako esperientzia errealen bidez. Horri esker, ingurune profesional batera hurbildu ziren, hainbat enpresaren funtzionamendua ezagutu zuten eta lan-aukeren ikuspegi argiagoa lortu zuten.