Konektak Iruñeko 90 gazteren laneratzea erraztuko du

Next Generation funtsekin finantzatutako programa egoera zaurgarrian diren 30 urtetik beherako gazteei zuzentzen zaie

Nafarroako Gobernuak, Nafar Lansareren bitartez, eta Iruñeko Udalak Konekta programa jarriko dute abian Nafarroako hiriburuan. Ekimen horren helburua da errenta bermatua edo bizitzeko gutxieneko diru-sarrera jasotzen duten 30 urtetik beherako 90 gazteren laneratzea erraztea.

Konekta programa Europar Batasuneko Next Generation funtsek finantzatzen dute 99.029 euroko aurrekontuarekin, eta hurrengo sei hilabeteetan garatuko da. Epe horretan, parte-hartzaileei beren hobekuntza-arloen diagnostikoa eskainiko zaie, baita laneratzeko profil eta ibilbide pertsonalizatuak egitea ere.

Banakako arreta

Iruñeko Udaleko profesional-talde batek elkarrizketak egingo dizkio parte-hartzaile bakoitzari, bere gaitasunak ebaluatzeko eta ekintza-plan pertsonalizatua diseinatzeko. Plan horrek zeharkako gaitasunen eta gaitasun digitalen inguruko prestakuntza-ekintzak jasoko ditu, baita enpresa- eta gizarte-munduarekin harremanetan jartzeko aukerak ere.

Zeharkako gaitasunei buruzko prestakuntza-ekintzen helburua izango da hainbat alderdi hobetzea, hala nola autokonfiantza, komunikazioa, zereginak betetzea, denboraren kudeaketa, gizarte-trebetasunak, lorpenerako orientazioa edo sormena eta berrikuntza, besteak beste.

Konektak parte-hartzaileen alfabetatze digitalean ere jarriko du arreta. Tailerrak eskainiko dira ordenagailuaren oinarrizko erabilera ikasteko, nabigatzeko eta informazioa online bilatzeko, artxiboak hodeian gordetzeko, posta elektronikoa erabiltzeko edo online izapideak egiteko.