18 antzezlan Donostiako Gazteen Antzerki Topaketan

Maiatzaren 14an hasi eta ekainaren 14an amaituko den 35. edizioa hiriko sei agertokitan garatuko da.

Donostiako 35. Gazteen Antzerki Topaketak 18 antzezlan biltzen dituen programazioa eskainiko du maiatzaren 14tik ekainaren 14ra bitartean. Antzezlan horiek guztiak, 14 eta 30 urte bitarteko gazteek osatutako beste horrenbeste konpainiak eskainiko dituzte. 18 lan horietatik, 10 euskaraz izango dira, 7 gaztelaniaz eta bat ele bitan. Emanaldiak Antzoki Zaharrean, Victoria Eugeniako Club Aretoan, Gazteszenan, Lugaritzen, Kutxa Fundazioa Klub-ean eta Kontadoresen izango dira.

Donostia Gazteriak Donostia Kulturaren eta Kutxa Fundazioaren laguntzarekin antolatutako topaketaren helburu nagusia da antzerkia gazteei hurbiltzea, bai ikusle gisa, bai taula gainean. Horrela, parte hartzen duten konpainiek beren lana jendeari erakusteaz gain, prestakuntza-tailer eta -hitzaldietan parte hartzeko aukera ere izango dute.

Topaketaren programazioak genero eta estilo ugari biltzen ditu, ekoizpen propioko lanetatik hasi eta klasikoetaraino. Muntaia aipagarrienen artean, honako hauek daude: ‘Dejar la piel’, gaztaroari, maitasunari, generoari eta egungo gizarteko frustrazioari buruzko gogoeta; ‘Zarata handia ezertarako ez’, Shakespeareren ‘Mucho ruido y pocos nueces’ komediaren euskarazko bertsioa; eta ‘Infinitum’, bizitza boxeoko borroka gisa aztertzen duen proposamena.

Antzezlanetarako sarrerek 3 euroko prezioa dute eta Donostia Kulturaren webgunean edo gune bakoitzeko leihatilan eros daitezke. Kutxa Kultur Klubaren eta Kontadoresen emanaldietarako sarrerak egun berean erosi ahal izango dira dagokion leihatilan.

Taldeen parte-hartzea sustatu eta elkar ezagutzeko, amaiera-ekitaldi bat ere antolatu da; eta, hala, sari ematea eta festa izango dira ekainaren 15ean Tabakalerako Kutxa Fundazioko plazan. Hiru sari banatuko dira: antzezlan onenaren saria, talde artistiko onenaren saria eta taularatze onenaren saria. Epaimahaia María Blanco, Luix Mitxelena eta Omar Sinai aktore gazteek osatuko dute.

  • Maiatzak 14, 19:30. Victoria Eugenia Club aretoan, Belbetarrak/binahi
  • Maiatzak 15, 19:30. Victoria Eugenia Club aretoan, Errenteriako Herri Arte Eskola
  • Maiatzak 16, 19:00. Kutxa Fundazioa Klubean, Compañía de teatro universitario de la USC – Lugo
  • Maiatzak 17, 19:00. Lugaritz Kultur Etxean, Hamaikatarrak/binahi
  • Maiatzak 18, 19:00. Kontadoresen, La Rata India
  • Maiatzak 23, 18:00. Kutxa Fundazioa Klubean, Doke Antzerki Eskola
  • Maiatzak 24, 19:30. Kutxa Fundazioa Klubean, Zurriola Antzerki Eskola
  • Maiatzak 28, 18:30. Gazteszenan, Santo Tomas Lizeoa A
  • Maiatzak 29, 19:00. Gazteszenan, Zer?Nola?Noiz?/binahi
  • Maiatzak 30, 19:00. Gazteszenan, Zurriola Antzerki Eskola
  • Maiatzak 31, 18:00. Lugaritz Kultur Etxean, Oiartzungo Antzerkizale Elkartea II
  • Ekainak 1, 18:30. Kontadoresen, Teatro en la Chácena
  • Ekainak 7, 19:00. Kontadoresen, Oiartzungo Antzerkizale Elkartea
  • Ekainak 10, 20:30. Antzoki Zaharrean, Barrexerka
  • Ekainak 11, 19:00. Antzoki Zaharrean, Binahi Eszena 17/binahi
  • Ekainak 12, 19:00. Lugaritz Kultur Etxean, Miércoles/binahi
  • Ekainak 13, 19:30. Lugaritz Kultur Etxean, Zurriola Antzerki Eskola
  • Ekainak 14, 19:00. Lugaritz Kultur Etxean, Trikiñuela Antzerki Taldea