Lau LGTBI+ pertsonatik batek diskriminazioa jasaten du

Txosten batek egiaztatzen du LGTBI+ kolektiboaren aurkako eraso fisiko eta hitzezkoak modu kezkagarrian doazela goraka, gorroto-diskurtsoenekin batera

 Irakurketa denbora: 2 Minutu

Estatuko LGTBI+ pertsonen % 20,3k irainak, isolamendu soziala edo ingurune digitaleko hertsapenak bezalako jazarpena jasan du. Estatuko biztanleriaren % 11,1 (bost milioi pertsona inguru) LGTBI+ taldean dagoela aintzat hartzen bada, horrek esan nahi du 819.000 pertsona inguruk jasan dutela jazarpena. Gainera, % 42,5 gorroto-egoeren biktima izan da. Horiek dira, hain zuzen ere, maiatzaren 17an ospatzen den LGTBIfobiaren aurkako Nazioarteko Egunaren harira Federación Estatal LGTBI+ erakundeak argitaratu duen ‘Estado del Odio: Estado LGTBI+ 2025’ txostenak jasotzen dituen datuak.

Enplegua eta etxebizitza edo zerbitzuetarako sarbidea bezalako eremuetan, diskriminazioak gizatalde horren % 25,25ari eragiten dio (1.282.500 pertsona inguru). Gainera, eraso fisiko edo hitzezkoak nabarmen areagotu dira: 2024an % 6,80 izatetik 2025ean % 16,25 izatera pasatu dira, hots, 9,45 puntu gehiago. Horrek esan nahi du azken urtean 812.000 pertsona erasotuak izan direla.

Indarkeriaren gorakada hori bat dator Europako estatistikekin eta Barne Ministerioaren datuekin, horiek ere antzeko gorakada baten berri ematen baitute sexu-orientazioagatik eta genero-identitateagatik egiten diren gorroto-delituetan.



“Gorrotoaren normalizazio kezkagarri bati aurre egiten ari gara, diskurtso politikoek indartua, horiek indarkeria sinbolikoa legitimatu eta indarkeria fisikorako bidea errazten baitute”, salatzen du Federación Estatal LGTBI+ elkarteko presidente Paula Iglesiasek.

Indarkeria gazteenekin grinatzen da 

25 eta 34 urte bitarteko gazteak, bereziki trans gazteak eta diru-sarrera gutxien dituzten gazteak, dira gorrotoarekiko esposizio handiena dutenak. Txostenak jasotzen duenez, 25 eta 34 urte bitarteko gazteen ia laurden bat (% 23,76) eraso baten biktima izan da azken urtean. Adin-talde berean, % 35,64k diskriminazioa jasan du eta % 28,22 jazarria izan da.

Eraso horien eragina larriagotu egiten da baliabide ekonomiko gutxiago dituztenen artean: % 24,47k erasoak jasan ditu, % 29,79k diskriminazioa eta % 21,12k jazarpena.

Erasoak kalean 

Eguneroko espazioak ere ez dira seguruak LGTBI+ pertsonentzat. Izan ere, txostenak jasotzen duenez, jazarpen-egoeren laurden bat baino gehiago (% 26,72) eta eraso fisikoen heren bat (% 35,28) kalean gertatzen dira. Bestalde, hezkuntza-zentroek jazarpen-kasuen % 16,79 eta erasoen % 16,92 biltzen dituzte, eta familia-esparruak jazarpen-egoeren % 12,98 eta diskriminazioen % 9,41 hartzen ditu. Ildo berean, jazarpen-egoeren %11,45 eta erasoen % 8,46 lantokian ematen dira.

Sare sozialak eta aisialdi-lekuak ere indarkeriaren etengabeko foku gisa agertzen dira.



Txostenak LGTBIfobiaren eta biztanleriaren tamainaren arteko harremana ere aztertzen du. 10.000 biztanle baino gutxiagoko udalerrietan jazarpena % 26,39ra iristen da eta eraso fisiko edo hitzezkoak % 20,83ra. Kopuru horiek hiri-eremuetan erregistratzen diren horiek baino askoz altuagoak dira. Aitzitik, diskriminazioa zertxobait ohikoagoa da 10.000 biztanle baino gehiagoko herrietan (% 29,12 % 22,22ren aldean).

Salaketa gutxi 

Erasoen kopuruak gora egin duen arren, horietako asko ez dira salatzen. Txostenak erakusten du biktimen % 46,09k ez duela eraso horien berri ematen. 

Salaketak jartzen dituztenen kopurua % 26,82 baino ez da eta % 27,09k LGTBI+ erakundeetara jotzen du. Udalerri txikietan salaketak %19,4ra jaisten dira. Ez salatzeko arrazoien artean nabarmentzen dira “ez du ezertarako balioko” ideia, “froga falta” eta sinetsiak ez izateko beldurra. 

Gainera, salatzen dutenen heren batek aitortzen du salaketa-prozesua gertaera bera bezain traumatikoa izan zela, adieraziz “gaizki pasarazi zidaten”.

Advertisements