“Mugitu” jarduera fisikoa sustatzeko kanpaina

Kanpainak jendea jarduera fisikoa egitera bultzatu nahi du, bakoitzak bere erritmoan eta eguneroko ohituretan aldaketa txikiak eginez

Nafarroako Osasun Sailak, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren bitartez, ohitura aktiboak sustatzea helburu duen “Mugitu” kanpaina jarri du martxan. Kanpaina horren bidez, nafar biztanleriaren jarduera fisikoaren-maila handitu eta sedentarismoa murriztu nahi da.

2021eko Gizarte eta Bizi Baldintzei buruzko Inkestan jasotako datuen arabera, Nafarroako biztanleriaren jarduera-maila nabarmen hobe daiteke. Izan ere, biztanleriaren erdiak baino gehiagok ohitura ez-aktiboak ditu aisialdian. Horrez gain, hamar pertsonatik lau lanaldiaren zatirik handienean eserita egoten dira.

Edozein mugimenduk balio du

Kanpainak eguneroko jardueretan ohitura aktiboak “pixkanaka” sartzea proposatzen du. Horretarako, herritarrak mugitzera animatzeko adibideak eta ideiak eskaintzen dira. Kanpainak ohitura aktiboak norberaren erritmora sar daitezkeela azpimarratzen du, eguneroko ohituretan aldaketa txikiak eginez.

Horri dagokionez, azpimarratzen da jarduera fisikoa erregulartasunez egiteak eta sedentarismoa murrizteak eragin nabaria dutela osasunaren eta ongizatearen hobekuntzan. Izan ere, jarduera fisikoak, besteak beste, gaixotasun kronikoen prebentzioan eta bizi-itxaropenaren igoeran laguntzen du. Osasun publikoaren eta lan-osasunaren arloko jarduera horiek indartzen dituen ahalegin orok biztanleriaren osasuna hobetzea ekarriko du.

Kanpainak eguneroko lau esparru ditu ardatz, eta, horretarako, hainbat adibide proposatzen ditu, hala nola etxeko lanetan, joan-etorrietan, jarduera nagusiko atsedenaldietan edo denbora librean mugitzeko aprobetxatzea.

‘Mugitu’ kanpaina irailean eta urrian garatuko da, eta irrati-iragarkiak, spotak tokiko telebistan eta kartelak markesinetan, osasun-zentroetan, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetan, toki-erakundeetan, liburutegietan eta kirol-ekitaldietako zabalkundean jarriko dira. Era berean, #Muevete #Mugitu etiketak dituzten mezuak argitaratuko dira sare sozialetan. Gainera, proposamen erraz eta egingarriak biltzen dituen hezkuntza-orri bat banatuko da prentsan, eta Lehen Mailako Arretan ere erabiliko da hezkuntza-arloko esku-hartzeetan.

Proposamen guztiak muevete.navarra.es/mugitu.nafarroa.eus webgunean jasotzen dira, kanpainaren bideo nagusi batekin. Bertan, egoera eta ingurune desberdinetan dauden hiru pertsonak ohitura aktiboak txertatzen dituzte eguneroko bizitzan.