Nafarroako Gazteriaren Institutuak (INJ/NGI) burutu duen Osasun Mentaleko Azterketaren arabera, Nafarroako gazteen % 87,8, neurri handiagoan edo txikiagoan, pozik dago beren bizitzarekin, nahiz eta % 54,4k uste duen COVID-19aren pandemiak kalte egin diola bere ongizate emozionalari.
Nafarroako Gazteriaren Behatokiak egin duen azterlanaren xedea izan da azken hilabeteetan bizi izan dugun osasun-egoerak zein eragin izan duen Nafarroako gazteen ongizate emozionalean eta osasun mentalean aztertzea.
800 gazteri egindako inkestan gazteei beren autopertzepzioari buruz, ingurunearekiko harremanei buruz eta oreka emozionalean eragina izan dezaketen arrisku-jokabideei buruz galdetu da, pandemiaren eraginaren inguruko atal bat ere izanik.
Ondorioak
Inkestan jasotako datuen arabera, gazteen % 21,4k adierazi du bere osasun emozionala “bikaina” dela; % 27,1ek, berriz, “oso ona” dela uste du, eta % 42,4k, “ona”; Nafarroako gazteen % 9,1ek, berriz, “hala moduzkoa” edo “txarra” dela uste du.
Orokorrean, Nafarroako gazteek haien bizitzarekiko gogobetetasun-maila altua dutela azpimarratu behar da. Horrela, gazte gehienak konforme daude beren itxura fisikoarekin eta familiarekin, lagunekin eta maitasunean ere harreman onak dituztela aitortzen dute.
Ondorio negatiboen artean, berriz, azpimarratzekoa da hamar gaztetatik hiruk diskriminazio, tratu txar edo eraso-egoerak jasan dituztela adierazi dutela.
Osasun mentala
Nafarroako gazteen % 80 gustura omen da ispiluaren aurrean ikusten duenarekin. Hamar gaztetatik ia zazpi gustura daude beren gorputz eta itxura fisikoarekin. Irudi fisiko ‘egokia’ izatearen presioa handiagoa da emakumeen artean gizonen artean baino. Hortaz, emakume gazteen laurden batek adierazi du zerbait aldatuko lukeela bere itxura fisikoa hobetzeko.
Itxaropenen kudeaketari dagokionez, gazteen % 69,1ek uste du bere bizitza bat datorrela aurrez zituen helburuekin, eta % 66,4k, berriz jaioko balitz, bere bizitzako ezer ez lukeela aldatuko adierazi du.
Dena den, gazteen bizi-egoerarekiko adostasun orokorrak okerrera egin du pandemiarekin. Horrela, gazteen % 54,4k uste du bere ongizate emozionalak okerrera egin duela osasun-krisia iritsi aurreko garaiarekin alderatuta. Gazteen % 38,8, aldiz, emozionalki “lehen bezala” aurkitzen dela adierazi du, eta oso gutxi dira (% 6,8) bere ongizate emozionalak hobera egin duela adierazi dutenak. Ildo horretan, galdetutako hamar gaztetatik batek (% 10,7), dio “antsietate edo ezinegon handia” duela COVID-19tik eratorritako egoeraren ondorioz.