Neguko musika tailerren III. edizioa

Arabako Gazteriaren Foru Erakundeak eta HellDorado Aretoak gabonetarako antolatutako tailerretan parte hartzeko epea zabalik dago

Arabako Gazteriaren Foru Erakundeak eta HellDorado Aretoak martxan jarri dute neguko musika tailerren edizio berri bat. 14 eta 29 urte bitarteko gazteei zuzendutako tailerrak oporraldian egingo dira, eta musikazaleentzat esperientzia aberasgarria eta hezigarria izango dira. Izena emateko epea zabalik dago HellDoradoren webgunean. Interesdunek doan eman dezakete izena bertan den inprimakia betez.

Aurtengo edizioan berritasun garrantzitsu bat izango da. Izan ere, ohiko tailerrez gain, Alba Saladok irakatsiko duen Hip-Hop tailer bat ere eskainiko da. Hortaz, honako hauek izango dira edizio honetan eskainiko diren tailerrak:

  • Hip-hop dantza eta musika urbanoen tailerra. Alba Saladok (Salara) irakatsita. Tailerra Cubo kalean den Paso Triple dantza-aretoan izango da. Hip-Hop dantzatzeko oinarrizko nozioak irakatsiko dira eta ikaskuntza koreografiara bideratuko da. 15 plaza inguru eskainiko dira.
  • Talde hasiberrientzako edo profesionalizatzeko bidean daudenentzako prestakuntza-tailerrak:
    • Musika taldeei zuzendutako soinuaren profesionalizazio-tailerra. Taldearen entsegu-lokaleko produkzio-dokumentuen garapen teoriko eta praktikoan oinarrituko da. HellDoradoren arduradun teknikoa den Urtzi Arakamak irakatsiko du tailerra.
    • Kontzertuen ekoizpen profesionalerako eta sare sozialak erabiltzeko tailerra. Marketinari buruzko ikaskuntza, sare sozialen erabilera egokia, biografia baten sorkuntza, konposizioa eta aurkezpena, etab. Helldoradoko ekoizpen-bulegoko arduradun Iñaki Urbizuk irakatsiko du tailerra.
    • Bideo-tailerra. Film laburra eta bideo-klipa. Musika taldeei zuzendutako soinuaren profesionalizazio-tailerrean parte hartu duten taldeek egingo dute tailer hau. Film labur eta/edo bideo-klip baten oinarrizko ezagutzetara eta errealizaziora hurbilketa eskainiko da. Ikaskuntza teorikoa eta praktikoa, bai eta ezagutzak, oinarrizko tresnak eta kontzeptuak lortzea ere, zuzeneko eragina edo sustapen-inpaktua izango duen bideo labur bat sortzeko. Pletina Films ekoiztetxeko kideek eskainiko dute tailer hau.

Tailerrak gabonetako oporraldian zehar egingo dira, abenduaren 26tik 29ra bitartean lehen txanda batean eta abenduaren 30etik urtarrilaren 4ra bitartean bigarren txanda batean, hain zuzen ere. Dantza tailerrean parte hartu duten gazteek ikasitakoa erakusteko aukera izango dute abenduaren 29an egingo den ekitaldi batean. Musika-taldeen ekitaldia, berriz, urtarrilaren 6an izango da, baina bi data horiek konfirmatzeke daude.