AEBn, Europar Batasunean eta Kanadan langile publikoei Tik Tok erabiltzea debekatzen ari zaien bitartean, sare sozial honek nerabeen ongizaterako funtzionalitate berriak iragarri ditu. Horietatik garrantzitsuena 18 urtetik beherako erabiltzaileei egunean 60 minutura iritsi direla ohartaraziko dien sistema bat da. Nerabeek mezu bat jasoko dute eta aplikazioa erabiltzen jarraitu ahal izateko kode bat sartu beharko dute. Gainera, aplikazioak 18 urtetik beherako erabiltzaile bakoitzari pantailaren aurrean eman duten denboraren inguruko txosten bat bidaliko die astero.
Neurri gehiago
Ildo berean, plataformak gurasoei beren adingabeko seme-alaben kontuetan jakinarazpenak isilarazteko ordutegi bat konfiguratzeko aukera emango dien funtzio bat ezarriko du. 13-15 urte bitarteko erabiltzaileen kasuan jakinarazpenak gaueko 9etatik aurrera isilarazteko aukera izango da eta 16-17 urte bitartekoen kasuan, berriz, gaueko 10etatik aurrera.
Gainera, Tik Tok aditzera eman du lo-oroigarri bat jarriko duela martxan, gauez deskonektatuta noiz egon nahi duten planifikatzen laguntzeko erabiltzaileei.
Qustodiok berriki argitaratu duen txosten baten arabera, 4 eta 18 urte bitarteko erabiltzaileek egunean, batez beste, 96 minutu ematen dute Tik Tok aplikazioan.