TikTok tik. Zenbait adituren ustez TikTokek nerabeengan nerbio tikak eragin ditzake

Estatu Batuetako, Kanadako, Erresuma Batuko eta Australiako zenbait pediatria-ospitaletan ikusi ahal izan dutenez, gero eta gehiago dira kontsultategietara tikekin (espasmo mugimenduak) iristen diren nerabeak. Zenbait adituren ustez, tik horiek TikTok sarearen erabileraren ondorio izan daitezke. Fenomeno hori jada zenbait medikuntza-argitalpenetan jaso da eta gehienak ondorio berera iritsi dira: Touretteren Sindromea. Aipatu sindromea, nagusiki, haur eta nerabeengan azaltzen da eta mugimenduei eta ahotsari eragiten dieten nerbio tik errepikakorretan datza.

Pandemiaren eragina?

Adituek ikusi ahal izan dutenez, horrelako sintomak areagotu egin dira pandemiaren ostean. Izan ere, pandemia aurretik horrelako ezaugarri klinikoak zituzten nerabeen kasuak oso eskasak ziren. Orain, aldiz, ohikoak bilakatu omen dira. Adibidez, Johns Hopkins Unibertsitateko Tourette Zentroan pediatriako pazienteen % 15 inguruk horrelako ezaugarri klinikoak ditu.

Abuztuan argitaratu den azterlan baten arabera, Touretten sindromearen kasuak, bereziki, 12 eta 25 urte bitarteko emakumeen artean biderkatu dira. Antza denez, gazte horiek aurretik aipatu sindromea zuten zenbait influencerren edukiak kontsumitu izan dituzte pandemian zehar. Eduki horiekiko esposizio luzeak portaera horiek imitatzea eragin omen du.

Zenbait adituen ustez, berriz, TikTok sarearen erabileraz gain, badira horrelako kasuen gorakada azaltzeko beste hainbat aldagai. Horien artean, bereziki, pandemiak eragin ahal izan dituen antsietate, depresio eta estres kasuak aipatzen dira.

Sindromearen  kontu horrek arrakasta handia izan du TikTok sarean #tourettes eta #tourettesyndrome traolen bidez. 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.