Nafarroako Gazteriaren Institutuak 2024ko Gazteria Sariak banatu ditu abenduaren 9an. Aintzatespen horien bidez, NGIk Nafarroako gazteriaren arloan egindako ekarpen nabarmenak aitortzen ditu. Edizio honetako saridunak Gizakia Helburu Fundazioa, Lantxotegi Elkartea eta Youssou Ndiaye izan dira.
Gazteria Sariak
Proyecto Hombre-Gizakia Helburu Fundazioak ‘Erakundea’ Saria jaso du garatzen duen Suspertu programarengatik. Programa honek 27 urte bete ditu gazteen arrisku-portaeren prebentzioan eta arretan lan egiten. Daniel Zunzarrenek eta Jennifer Hernándezek jaso dute saria fundazioa ordezkatuz. Aurtengoarekin beren ibilbidean jasotzen duten hirugarren aitorpena dela azpimarratu dute.
‘Gizarte Partaidetza’ Saria Lantxotegi Elkartearentzat izan da, 2022an hasitako Kabia proiektuarengatik. Ekimen honek bertako eta migratzaileen arteko aisialdi komunitarioa sustatzen du, elkarteak 40 urte hauetan garatu duen esku-hartze sozioedukatiboarekin jarraituz. Maria Galarza eta Moustapha Ennkcrachi-k jaso dute saria elkartearen izenean.
Youssou Ndiaye izan da ‘Pertsona Gaztea’ Sariaren aurtengo irabazlea. Nafar-senegaldarra, 15 urterekin Iruñera iritsi eta soldadura eta galdaragintzan trebatu zuen bere burua. Bere denbora librea SEI Elkartean ematen du beste gazte migratzaileei laguntzen, bere esperientzia pertsonala baliatuz haien beharrak ulertu eta artatzeko.
Nafarroako Gazteria Sariek pertsona eta erakundeek gazteriaren arloan egindako zerbitzu eta jarduera garrantzitsuak aitortzea dute helburu, bereziki gazteen inklusioa eta komunitatean laguntzea sustatzen duten ekimenak nabarmenduz.