![Xare jardunaldiak euskarazko eduki digitalak hurbilduko dizkie 600 gazte baino gehiagori](https://i0.wp.com/www.gazteberri.eus/wp-content/uploads/2024/12/02-Argazkia-Xare.jpg?fit=800%2C600&quality=100&ssl=1)
Euskal Herriko Unibertsitateko Gipuzkoako Campusak Xare-Euskarazko Kultura Digitalaren Jardunaldien bosgarren edizioa hartuko da abenduaren 11n eta 12an. Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuaren ekimen honek Batxilergoko lehen mailako 600 ikasle inguru bilduko ditu.
Donostiako gazteen artean euskarazko eduki digitalen kontsumoa sustatzea helburu duen ekimena Ibaetako campuseko hiru gune ezberdinetan garatuko da.
Carlos Santamaria Zentroko Ikas aretoan, parte-hartzaileek zortzi tailer praktikotan parte hartu ahal izango dute, musika sorkuntza eta robotika, mugikorreko argazkigintza eta errealitate birtuala landuz:
- Gamer gela – Game Erauntsia.
- Arduino; robotikan eta automatizazioan murgildu – Protomakers.
- Musika sortu, nahastu eta zabaltzeko aplikazioak – DJ Makala.
- 3D inprimagailuak – Protomakers.
- Bideo mappinga; proiekzioak objektuen geometrietara doitu – Elurmaluta.
- App Inventor – Talaios.
- Errealitate birtuala – Protomakers.
- Argazkilaritza mugikorrarekin, Instagram baino gehiago – Oier Fuentes.
ERA aretoan gaurkotasuneko gaiei buruzko bi hitzaldi programatu dira. Lehenengoa, sareko pribatutasunari buruzkoa, Maider Likona informatika ingeniariak emango du. Bigarren, berriz, infurune digitaleko harreman afektibo-sexualen ingurukoa izango da eta Ane Ortiz sexologoak eskainiko du.
Jardunaldia Ignacio Maria Barriola Zentroko areto nagusian egingo diren aisialdi jarduerekin osatuko da. Bertan, ikasleek Egunean Behin jokoko lehiaketa batean parte hartzeko aukera izango dute. Atsedenaldiaren ostean, Gaztea 2023 Maketa Lehiaketaren irabazle izan den Zilibito Records talde oiartzuarrak kontzertua eskainiko du.
Euskarazko eduki digitalak
Xare Jardunaldiek Donostiako gazteengan antzemandako behar bati erantzuten diote. Izan ere, gehiengoa euskalduna izan arren, eduki digitalak gaztelaniaz edo ingelesez kontsumitzeko joera da nagusi gazte euskaldunen artean.
Ekitaldiak helburu bikoitza du: informazio teknologien esparruan euskararen erabilera sustatzea eta euskara gazteentzat erakargarriak diren esperientzia teknologiko eta kulturalekin lotzea.
Ekimen hau, abenduaren 13an, Tabakaleran egingo den Bigarren Hezkuntzako Ikastetxeetako Euskara Batzordeen 6. Topaketarekin osatuko da. Bertan, beren ikastetxeetan euskararen erabilera indartzeko eta ekimen bateratuak garatzeko lan egiten duten hiriko bederatzi ikastetxetako 100 ikasle inguru bilduko dira.