Iruñak euskarazko hamar literatura-lanen aurkezpenak hartuko du

Iruñeko Udalak eta Karrikiri Elkarteak antolatu duten aurkezpen-zikloa abenduaren 10etik urtarrilaren 21era bitartean garatuko da

Iruñeko Udalak eta Karrikiri Elkarteak kultur programa bat jarri dute martxan 2024an argitaratutako euskarazko literatura zabaltzeko eta hiriarekin lotutako idazleei agerikotasuna emateko. Zikloak euskarazko hamar literatura-lanen aurkezpena hartuko du Nafarroako hiriburuko hainbat gunetan, hala nola Hizkuntza Eskolan, Arturo Campion Euskaltegian, Kondestablearen Jauregian, Laban, Zaldiko Maldikon eta Karrikiri Elkartearen egoitzan.

Hamar aurkezpen

Jarduerak abenduaren 10ean hasiko dira Hizkuntza Eskolan Mikel Reparazen ‘Amerikaren arrakalak’ eta Joseba Zulaikaren ‘Aberriaren inpaseak lanen aurkezpenekin.

Abenduaren 11an, Arturo Kanpion Euskaltegiak Xamarren ‘Orhipean’ lanaren aurkezpena hartuko du. Arratsaldean Iñaki Perurenak ‘Harria bidelagun’ izenburuko lana aurkeztuko du Hizkuntza Eskolan.

Abenduaren 14a egun bikoitza izango da. Goizean, Kondestablearen Jauregian, Hasier Larretxeak eta Anjel Lertxundik beren azken lanak aurkeztuko dituzte, ‘Idaztea gibelera zenbatzen ikastea da’ eta ‘Berbelitzen hiztegia’, hurrenez hurren. Arratsaldean, Laba guneak ‘Pleibak’ errezitaldia hartuko du. Saioa literatura eta bertsolaritza uztartzen dituen proposamena da. Bertan parte hartuko dute Miren ‘Mice’ Narbaizak, Saioa Alkaizak eta Nerea Ibarzabalek.

2024ko azken hitzordua abenduaren 20an izango da. Hitzordua Zaldiko Maldikon izango da eta, bertan, Koldo Azkonak Bernart Etxepareren ‘Linguae Vasconum Primitiae’ liburua eta hari lotutako Dansarie Ensemble taldearen CDa aurkeztuko ditu.

Zikloa 2025eko urtarrilaren 21ean amaituko da Karrikiri egoitzan bertan. Egun horretan bi liburu ilustraturen aurkezpena egingo da: Ane Labakaren ‘Murmur’ eta Miren Amurizaren ‘Anastasini Zirkua’.

Advertisements