Nafarroako Gazteriaren Institutuak antolatzen duen Gazteria Sarietarako hautagaitzak aurkezteko epea zabalik izango da datorren irailaren 5era arte. Sariketa horren xede nagusia da Nafarroako gazteen parte-hartze soziala, autonomia eta bizi-kalitatea sustatzen duten pertsona, elkarte eta erakundeen lana nabarmentzea. Hortaz, hiru sari banatzen dira: Pertsona Gaztea, Partaidetza eta Erakundeak.
- Pertsona Gaztea: Kategoria honetan 14-30 urte bitarteko Nafarroako gazte baten ibilbidea saritzen da. Aintzat hartuko dira hautagaiek elkartasuna bezalako gizarte balioekin duten lotura eta beste gazteentzako erreferente izatea. Pasa den urtean kategoria honen irabazlea Sergio Eslava saxofonista gaztea izan zen.
- Partaidetza: Kategoria honetan Nafarroan erregistratuta dauden eta Nafarroako garapen politiko, sozial, ekonomiko eta kulturalean gazteen partaidetzazko ekintza sendotu eta bultzatzeko ekarpen eraginkorra egiten duten talde edo elkarteak saritu nahi dira. Pasa den urtean kategoria honen irabazlea NUPeko Urretxindorra egitasmoa izan zen.
- Erakundeak: Kategoria honetan, gazteriaren aldeko bere jardueragatik nabarmentzen diren erakunde publiko zein pribatuak saritzen dira. Horretarako aintzat hartuko da erakundeek gazteen parte-hartze soziala, autonomia eta bizi-kalitatea sustatzeko egiten duten lana. Pasa den urtean kategoria honen irabazlea Haziak elkartea izan zen.
Kategoria bakoitzean irabazle suertatzen diren horiek 2.500 euroko saria jasoko dute. Edozein pertsona fisikok, taldek edo elkartek eta erakundek aurkez ditzake hautagaitzak, Nafarroako Gazteriaren Institutuaren Erregistroaren bidez, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan aurreikusitako bideetako edozein erabiliz.
Aurkeztutako hautagaitzen artean kategoria bakoitzaren irabazlea erabakitzeko online bozketa bat egingo da. Bozketa horretan parte hartu ahal izango dute Gazte Txartela duten gazteek.