Nafarroako Gazteriaren Institutua (NGI/INJ) Eurodesk europar gazte-informaziorako sareko kide da dagoeneko. Sare horren helburua da Europar Batasunak hezkuntzarekin, mugikortasunarekin, bekekin, boluntariotzarekin, gazte-trukearekin, edo proiektuetarako bazkideak bilatzearekin zerikusia duten programak eta ekimenak gazteei hurbiltzea. Eurodeskek gazteei informazioa eta orientazioa emateko zerbitzu integrala eskaintzen du. Aldi berean, Europako mugikortasunari buruzko aukerak zabaltzen ditu ikaskuntzarako. Gainera gazteen intereseko informazio-edukiak sustatzen ditu eta gazteek egin ditzaketen banakako zalantzak argitzen ditu.
Arlo horien inguruko informazioa eskuratu nahi dutenek Gazteriaren Institutuarekin harremanetan jar daitezke kontsultak egiteko. Horretarako institutonavarro@eurodesk.eu posta elektronikoa edo 650801364 telefonoa (WhatsApp) erabil dezakete. Eurodesk UE edo Eurodesk Españaren webguneak ere kontsulta dezakete.
Eurodesk sareak, halaber, Gazteriaren Europako Atariko edukiak kudeatzen eta eguneratzen ditu. Europako Batzordeak garatutako plataforma horrek informazioa eta aukerak ematen ditu, bai nazio-mailakoak bai Europa-mailakoak, gazteei eta gazteriarekin harremanetan dauden profesional teknikoei zuzenduta.
Eurodesk sarean sartzean, NGIk mugikortasun-programei, gazte-erakundeei eta gazteria arloko informazioa zabaltzeko baliabideei buruzko informazio eguneratua eskuratuko du. Gainera, baliabide teknikoak eta sarearen laguntza iraunkorra lortuko ditu, bai eta nazioko eta nazioarteko prestakuntza-ikastaroetara joateko finantzaketa ere.