NGIk gizarteratzeari eta hezkuntzari buruzko hiru ikerketa saritu ditu

Nafarroako Gazteriaren Institutuak antolatutako GrAL-MAL Sariek delinkuentziaren prebentzioa, gela alternatiboak eta eskola-partaidetza sentimendua aztertzen dituzten ikerketak saritu ditu

 Irakurketa denbora: 2 minutu

Nafarroako Gazteriaren Institutuak (NGI) gizarteratze eta hezkuntza arloko egungo erronkak jorratzen dituzten hiru ikerketa saritu ditu Gradu Amaierako Lan (GrAL) eta Master Amaierako Lan (MAL) onenak aintzatesten dituen sariketan. NGIk bultzatutako GrAL-MAL Sariek gazteriaren arloko gizarte-ikerketa sustatu eta arlo honetan sortzen ari diren lan-ibilbideak babestu nahi dituzte. Hautatutako lanak nabarmentzen dira beren zorroztasun metodologikoagatik eta politika publikoen diseinuan eragiteko duten ahalmenagatik.

Aurtengo ediziora aurkeztutako hamasei lanen artean, epaimahaiak gazteen delinkuentziaren kausak, ikasgela alternatiboak praktika inklusibo gisa gaitzea eta jatorri migratzailea duten ikasleekiko kide izatearen sentimendua jorratzen dituzten ikerketak hautatu ditu. Irabazleek 1.500 euroko ordainsaria jaso dute eta Master Amaierako Lanaren accesitaren irabazleak, berriz, 500 euro. Gradu Amaierako Lanaren kategorian, accesita eman gabe geratu da.

Irabazleak

Gradu Amaierako Lanaren kategorian, Irene Ibarz Vidadorrek lortu du lehen saria, Nafarroako gazte-delinkuentziaren kausei buruzko ikerketagatik. Bere ikerketa ikuspegi zigortzaileetatik aldentzen da eta gazteek delituak egitera bultzatzen dituen testuingurua aztertzen du, bereziki, 11-13 urte bitartekoen artean. Ikerketak gizarte-lanaren garrantzia azpimarratzen du, etengabeko laguntzan eta konfiantzazko loturak garatzean oinarritutako esku-hartzeen bidez, berrerorikoak prebenitzeko.



Master Amaierako Lanaren kategorian, Ainara Sánchez Liceaga izan da irabazlea D ereduko institutu publiko bateko gela alternatibo batean alderantzizko inklusioa aplikatzeari buruzko azterketagatik. Bere lanean, Sánchezek Hezkuntza Bereziko ikastetxeetan segregazioa saihesteko familien ekimenetik sortutako ikasgela horiek curriculumaren garapena eta hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleen sozializazioa hobetzen nola laguntzen duten aztertu du.

Accesita Leire Huarte Barberrek jaso du atzerritar jatorriko ikasleen partaidetza sentimenduari buruz egindako ikerketagatik. Bere ikerketak agerian uzten du, bertako ikasleekin alderatuta, ikasle hauek partaidetza maila baxuagoak eta bazterketa arrisku handiagoa izaten dituztela. Lanak, hemen jaioak diren baina beste herrialdeetako gurasoak dituzten ikasleen egoera ere aztertzen du. Kasu horretan, Huartek aurkitu du haien partaidetza mailak, atzerritar ikasleenak baino altuagoak izan arren, aurrekari autoktonoak dituztenenak baino baxuagoak direla.

Advertisements