
Irakurketa denbora: Minutu 1
AEBn egindako ikerketa batek agerian utzi du haragi gorriaren ohiko kontsumoak dementzia senila garatzeko arriskua handitu dezakeela. Gai honi buruz orain arte egindako ikerketarik zabalena izan da, 130.000 pertsona baino gehiagoren elikadura-ohiturak aztertu baitira 43 urtez. Brigham and Women’s Ospitaleko, Harvard-eko Osasun Publikoko Fakultateko eta Broad Institutuko ikertzaileek ikusi ahal izan dutenez, hilean hiru errazio edo gutxiago jaten dituztenekin alderatuta, astean bi haragi gorri errazio jaten dituzten pertsonek % 13 aukera gehiago dituzte dementzia garatzeko.
Neurology aldizkarian argitaratutako ikerketak haragi gorri prozesatua eta prozesatu gabea bereizten ditu. Haragi prozesatuak, hala nola hirugiharrak eta saltxitxek, lotura argiagoa erakutsi zuen narriadura kognitiboarekin. Prozesatu gabeko haragiaren kasuan (behikia, txerrikia, arkumea eta hanburgesak), ondorioak ez ziren hain nabarmenak izan proba objektiboetan, nahiz eta autoebaluazio-galdetegien bidez antzeman ziren.
Dementzia senila
Zientzialariek berariazko probak egin zizkieten, batez beste, 74 urte zituzten 17.458 emakumeri. Emaitzek adierazi zuten haragi-errazio bat gehitzeak zahartze mentala 1,6 urte baino gehiago azkartu dezakeela.
Erlazio horren azalpen zientifikoa “heste-garuna ardatzean” egon liteke. Karnitina, haragi gorrian dagoen konposatu bat, hesteetako bakteriek trimetilamina oxidoa (TMAO) izeneko substantzia bihurtzen dute, eta hau narriadura kognitibo azkartuarekin lotuta egon liteke.
Ikerketak erakusten du haragi gorri prozesatuaren eguneroko errazio bat fruitu lehor eta lekaleekin ordezkatzeak dementzia arriskua % 19 murrizten duela. Ordezkapena arrainarekin egiten bada, murrizketa % 28koa da, eta oilaskoarekin % 16koa.
Aurkikuntza hauek bat egiten dute haragi gorriaren gehiegizko kontsumoa beste osasun-arazoekin lotzen dituzten aurreko ikerketekin. Izan ere, Osasunaren Mundu Erakundeak 2015ean haragi prozesatua minbiziaren arrisku-talderik handienean sailkatu zuen, haragi gorria bigarren arrisku-maila handienean kokatuz.