Osasun mentalari buruzko proposamen batek irabazi du Hiretu Hiria Saria

Gasteizko Udalak 100.000 eurorekin lagunduko ditu Gasteizko ikasleek aurkeztutako lau egitasmo

Martxoaren 19an, Europa Biltzar Jauregiak Hiretu Hiria-Hobetuz Gazte Gala hartu zuen. Bertan, 339 parte-hartzailek Gasteizko hainbat arlo hobetzeko proiektuak aurkeztu zituzten. Jorratutako gaien artean, adibidez, osasuna, iraunkortasuna, ingurumena, hiria eta herritarren ongizatea zeuden.

Galan, Koldo Mitxelena, Zabalgana, Mendebaldea, Ekialde, Lakua, Inmaculada Concepción, Nazareth, Sansomendi eta Jesusen Bihotza ikastetxeetako ikasleek aurkeztutako 19 proposamen bozkatuenak nabarmendu ziren.

Babes gehien lortu duen ekimena, bildutako 2.310 botoen % 26arekin, Koldo Mitxelena ikastetxeko DBH 3. Mailako G taldeko ikasleek aurkeztutako ‘K.M. Mentala‘ proiektua izan da. Hiretu-Hiria 2024 saria jaso duen egitasmo horrek gazteei osasun mentalarekin lotutako arazoak identifikatzen eta aurre egiten laguntzeko kanpaina bat garatzea proposatzen du.

Gainera, ekitaldian zehar, ‘Vitoria-Gasteiz Hobetuz Gazte’ programaren bidez lehen aldiz finantzazioa jasoko duten proiektuak iragarri dira, guztira 100.000 euroko esleipenarekin.

Finantzatutako proiektu horien artean daude saritua izan den ‘KM Mentala’ egitasmoa, 18.000 euro jasoko dituena; Koldo Mitxelena ikastetxeko DBH 3. Mailako F taldeak aurkeztutako ‘Gazte and play’, 54.000 euroko zuzkidurarekin gazteentzako gune bat sortzeko; Koldo Mitxelena ikastetxeko n DBH 3. mailako B taldearen ‘Tratu-truke’, truke merkatu bat sortzeko 10.000 euro izango dituena; eta Mendebaldea ikastetxeko 3. mailako DC taldeak proposatutako ‘Vitoria-Gasteizko komun publikoen gida‘, 18.000 euroko inbertsioa jasoko duena.