VSBk hurrengo fasean parte hartuko duten taldeak aukeratu ditu

VSB Mentoring faserako aukeratutako hamabi taldeek kontzertuak eskainiko dituzte apirilean zehar Bilborocken

VillaSoundBilbaoren(VSB) IV. edizioa Bilborocken hasteko prest dago hautatutako hamabi taldeen emanaldiekin. Guztira 156 dira edizio honetara aurkeztu diren taldeak/bakarlariak eta aukeratu diren hamabi taldeetatik bederatzi bizkaitarrak dira era hiru gipuzkoarrak.

VSB Mentoring fasean parte hartuko duten 36 pertsonen artean, 9 emakumeak dira. Kantuetan erabilitako hizkuntzei dagokienean, gaztelania da nagusi (% 45), eta ondoren euskara (% 32), eta gero ingelesa (% 20). Aukeratutako talde eta bakarlarien batez besteko adina 27 urtekoa izan zen.

Kontzertuak

Emanaldiak apirileko ostegun guztietan izango dira, 20:00etan, eta musika-proposamen ugariz gozatzeko aukera eskainiko dute, rock, elektronika eta pop alternatiboa barne. Sarrera doakoa izango da, baina goiz iristea gomendatzen da, edukiera mugatua baita. Guztira lau kontzertu izango dira. Apirilaren 4ean Gydeon, Kalipotxo eta Krivexen txanda izango da. Hurrengo ostegunean, apirilak 11, Badmintones, Mikosis eta Sistemak Arriskutsuak Dira arituko dira. Hirugarren kontzertua apirilaren 18an izango da eta bertan arituko dira Irati Reich, Markos García eta Xabier Badiola. Kontzertuen txanda apirilaren 25ean amaituko da Latido, Net Bby eta Rally 48ren emanaldiekin.

Urteroko lehiaketa honen helburu nagusia 16 eta 35 urte bitarteko artista gazteen talentu musikala sustatzea da, eta, aldi berean, publikoari esperientzia paregabea eta anitza eskaintzen dio zuzeneko musikaren esparruan.

Kontzertuen fasea amaituta, maiatzaren 4an Bilborockek ekitaldi berezi bat hartuko du VillaSoundBilbaoren aurtengo edizioa ixteko. Ekitaldi horretan, VSB24 Tourra egingo duen talde edo bakarlariaren aurkezpena egingo da, Son Estrella Galiciarekin lankidetzan, baita epaimahaiak eta babesleek emandako aipamen berezien aintzatespena ere. Ekitaldia La Palomaren kontzertu batekin amaituko da.

Apirilean zehar, hautatutako hamabi taldeek VSB MENTORING izeneko prestakuntza-programa batean parte hartzeko aukera izango dute, beren trebetasunak eta musika-karrerak garatzen laguntzeko diseinatua. Ondoren, epaimahaiak talde horietako sei aukeratuko ditu, maiatzean eta ekainean laguntza gehigarri bat jasotzeko.

VillaSoundBilbao VSB TOURarekin amaituko da. Bertan, epaimahaiak iragarriko du zein taldek izango duen aukera Espainiako estatuko hainbat hiritan lau kontzertuko bira bat egiteko. Era berean, lehiaketaren babesleek emandako beste sari batzuen berri emango da.