Pentsamendu kritikoa gorroto-diskurtsoen aurka

Nafarroako Gobernuak emakume eta gizonen arteko desberdintasunak ukatzen dituzten diskurtsoak datuekin borrokatzea helburu duen kanpaina garatuko du

 Irakurketa denbora: 2 minutu

Martxoaren 8an ospatzen den Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, Nafarroako Gobernuak “Que no te enreden con… Machibulos / Ez zaitzatela nahasi… Gezur Matxistekin” leloa duen kanpaina abiarazi du. Ekimenak herritarrak gonbidatzen ditu pentsamendu kritikoa erabiliz emakume eta gizonen arteko berdintasunaren aurrerapenen aurkako gorroto-diskurtsoei aurre egitera. Ildo berean, arlo honetan ideologia matxistari amore eman gabe lanean jarraitzeko beharra aldarrikatu nahi da.

Nafarroako exekutiboak gezurtatu nahi du gizon eta emakumeen artean jada desberdintasun sozial eta ekonomikorik ez dagoenaren ideia. Horretarako, oraindik hobetzeko tartea dagoela frogatzen duten argudio eta zifrak azaltzen ditu. Kanpainak ikusarazi nahi du, toki askotan berdintasun formala lortu den arren, oraindik “desberdintasun adierazle” ugari daudela alderdi ekonomiko eta sozialetan, hala nola soldata-mailan, aldi baterako lanaren indizean, pobrezia-arriskuan edo zaintzen eta etxeko lanen banaketan.

Berdintasunaren ameskeria

Nafarroako Gobernuak azpimarratzen du “berdintasunaren ameskeriaren aurka borrokatzeko beharra”. Izan ere, horren arabera, biztanleriaren ehuneko esanguratsu batek uste due emakumeek jada eskubide-maila nahikoa lortu dutela. Gobernuaren ustez, azken 20 urteetan izandako aurrerapenen ildotik jarraitu behar da lanean, emakume eta gizonen arteko berdintasuna lortzea “kontu pribatua ez dela eta gizartearen eta politika publikoen egiturazko elementu bat dela” oinarritzat hartzen duten politikekin.



Kanpainak txosten eta datu ofizialekin kontra egin nahi die indarrez agertzen ari diren diskurtso erreakzionario matxistei. Diskurtso horiek nazioarteko lider politikoen artean eta gizarte-sektore batzuetan ikus daitezke, bereziki gazteenen artean. Lortutako konkistak kriminalizatzen saiatzen diren korronteak dira, gizonen biktimizazio-korronte bat sortu nahi dute eta feminismoak aurrera egiteko planteatzen dituen proposamen eraldatzaileak kritikatzen dituzte.

Kanpaina

35.400 euroko aurrekontuarekin, ekimenak kartelak eta audio- eta bideo-mezuak barne hartzen ditu, hauek irrati orokorretan, prentsa-iragarkietan, tokiko aldizkarietan, Iruñaldeko, Tutera, Tafalla eta Lizarrako markesina-geltokietan, baita sare sozialetan eta Iruñea eta Tuterako hiri-publizitate euskarrietan ere zabalduko dira.

Kanpaina emakumeen egungo egoerari buruzko ideia faltsuak eta horiek gezurtatzen dituzten argudio edo datuak aurrez aurre jartzean oinarritzen da. Adibidez, “Ni feminista naiz. Etxean laguntzen dut” baieztapenaren aurrean, planteatzen du “ez dela laguntzea, baizik eta zeregin eta zaintzetan erantzunkidetasuna izatea baldintza berdinetan”. “Soldata-arrakala ez da existitzen” tesiaren aurrean, argudiatzen du “gizonen batez besteko soldata gordina 32.005 eurokoa dela” eta “emakumeena 26.033 eurokoa dela”.

8Mrekin bat eginez, Esther Erice magistratuak Berdinna Saria 2025 jasoko du “ikuspegi feministadun justiziaren arloan” erreferente izateagatik. 3.000 euroko saria martxoaren 3an emango da Nafarroako Jauregiko Tronu Aretoan. Gainera, Gobernuak kontzentrazio bat eta adierazpen instituzional bat egingo ditu martxoaren 8an Nafarroako Jauregian, eta Antzinako Artxibo Orokorraren fatxada more kolorez argiztatuko da emakumeek beren eskubideen alde egindako borrokaren ikur gisa.

Advertisements