Poeta gazteentzako lehiaketa Iruñean

Otsailaren 17an izango den Iruñea Poetry Slam Gaztea lehiaketa poesia, eszena eta antzerkia garatzeko modu berri bat da

Iruñeko Gaztediaren Etxeak Iruñea Poetry Slam Gaztea lehiaketaren hirugarren edizioa hartuko du datorren otsailaren 17an. Lehiaketa 12 eta 30 urte bitarteko poeta gazteei zuzentzen zaie. Izena emateko aukera jada zabalik da. Interesa duten gazteak aurrez aurre erregistratu daitezke Gaztediaren Etxean edo 948233512 telefonora deituz. Sarrera doan izango da, baina aldez aurretik gonbidapena jaso behar da. Gonbidapen horiek aurreko egunean banatuko dira.

Iruñea Poetry Slam Gaztea egitasmoak poesiaren dimentsio berri bat aztertu nahi du, poesia eszenatokira eramanez antzerki moduan. Saioak musikarekin lagunduko dira ikuskizuna entretenigarria egiteko. Modu horretan, poesiarekiko interesa sustatu nahi da gazteen artean.

Parte-hartzaileek beren poemak aurkezteko aukera izango dute. Olerkiak gai askekoak izan daitezke, baina norberak egindakoak. Olerkien antzezpena gehienez hiru minutukoa izango da eta ezin izango da ez mozorrorik ez atrezzorik erabili.

Pamplona Poetry Slam Elkartearen presidente Yoel Saldañak gidatu du berritasun bat izango duen aurtengo ekitaldia. Izan ere, aurten, berritasun gisa, “jam” poetiko musikal bat egingo da More Than Jazz musika eskolarekin elkarlanean.

Lehiaketaren irabazleak publikoko bost kidek osatuko duten epaimahai batek erabakiko ditu. Harrera onena duten hiru olerkien egileek poema berri bat errezitatu beharko dute bigarren txanda batean. Hiru horien artean aterako da aurtengo lehiaketaren irabazlea.