Saltillo eskola-ontziaren bidaldia jakintzaren itsasoan barrena

Bidaian zehar, euskal kostaldeko hainbat gune bisitatuko dituzte, eta herritarrei irekitako doako jarduerak egingo dituzte bertan

Saltillo itsasontziak egingo duen zeharkaldiaren bigarren edizioa ofizialki aurkeztu da. Santurtzi eta Donibane Lohizune arteko zeharkaldia, joan-etorriko itsas bidaia, uztailaren 18 hasi eta 26ra izango da. Eskifaia Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) eta Bordeleko Unibertsitateko ikasleek osatzen dute.

Saltillo ontzia Euskal Herriko Unibertsitatearen Udako Ikastaroaren egoitza berezia da, “Itsasora begiratzen duen Unibertsitatea: ezagutzan zehar nabigatzen Saltillo eskola-ontzian” izenekoa. Itsasoari begira dauden UPV/EHUko unibertsitate-guneetako zientzia-, prestakuntza- eta dibulgazio-lanak ezagutaraztea du helburu.

Ildo estrategikoak

Bilboko Ingeniaritza Eskolan egindako aurkezpenean, UPV/EHUtik azpimarratu dute udako ikastaro hau datozen urteetan landu nahi diren hainbat ildo estrategikoren adibide dela: hezkuntza-berrikuntza; jasangarritasunaren eta Garapen Jasangarrirako Helburuen (GJH) sustapena; nazioartekotzea; ezagutzaren transferentzia eta abar. Eta hori guztia Saltillo ontzian eta euskal kostaldea den ingurune erakargarri eta garrantzitsuan.

Aurkezpenean adierazi da enpresa-munduak irakaskuntzarekin duen lotura oso estua izan behar dela, eta Eskolak eta UPV/EHUk berak hori lortzeko aukera ematen dutela. Era berean, emakumeak ikasketa teknikoetara erakartzeko beharra azpimarratu dute.

UPV/EHUko Udako Ikastaroen barruan kokatzen den zeharkaldi honek parte-hartzaileen burua piztu nahi du, parte hartzeko eta esperientziazko ikasketara gonbidatuz.

Mugaz gaindiko komunitatearentzako kultura eta hizkuntza anitzeko ikastaroa da. Bertan, tokiko 3 hizkuntza (euskara, frantsesa eta gaztelania) eta hizkuntza franko (ingelesa) elkartzen dira. Ordezkatzen duten aniztasunaz jabetzeko eta topaketa aberasgarria eta inklusiboa izateko, parte hartzaileek dituzten hizkuntza-baliabide guztiak proban jarriko dituzte.

Ikastaro hau, gainera, Mugaz Gaindiko Udako Ikastaroen programaren barruan kokatzen da. Ikastaro horren bigarren edizioa Baionan egiten ari da, aldi berean.

Itsas bidaiak ere izango du protagonismoa lehorrean (Portugalete, Mutriku, Donibane Lohizune, Donostia eta Bilbo), doako eta publiko guztiarentzat irekitako jarduerekin eta hitzaldiekin, hala nola portuko uren ingurumen-zaintza, ammonoideak, itsaspeko arkeologia, zientziaren, herritarren zientziaren eta aktibismoaren arteko harremana eta itsas ondarearen zaharberritzea.

📷 Mitxi