Uda honetan ere, Salto!

UEMAk antolatzen dituen udalerri euskaldunetako gazteentzako aurtengo udalekuak ekainaren 26tik uztailaren 4ra izango dira

Pasa den martxoaren 1ean zabaldu zen UEMAk Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin antolatzen dituen udalerri euskaldunetako gazteentzako Salto! udalekuetan izena emateko epea. Orozkon hasi eta Dimarako ibilbidea osatu nahi duten gazteek martxoaren 31ra arte dute izena emateko aukera. Guztira 120 plaza eskainiko dira. Aurtengo edizioa 2005. eta 2008. urteen artean jaiotako gazteei zuzentzen zaie.

Salto! Udaleku ibiltariaren xedea da udalerri euskaldunetako gazteak euskararen inguruan sentsibilizatzea, kontzientziatzea eta eragile aktibo bihurtzea. Hortaz, gazteen artean hizkuntza ekologiaren diskurtsoa zabaltzea eta arnasguneen garrantzia nabarmentzea da proiektuaren helburua, gazteei euskararen normalizazio prozesuan duten garrantzia ikusarazteaz gain.