UEFA Women’s Champions Leaguerako boluntarioak

UEFAk maiatzaren 25ean San Mamesen jokatuko den finalean boluntario gisa lan egiteko epea ireki du

Datorren maiatzaren 25ean Bilbok UEFA Women’s Champions League-aren finala hartuko du. Ekitaldi horretarako hainbat pertsonen lana behar da eta beste ikuspegi batetik finalaz gozatu nahi duten horientzat Boluntariotza Programan izena emateko epea zabaldu da.

Izena eman ahal izango dute aurtengo maiatzaren lehena baino lehen 18 urte bete dituzten horiek. Hizkuntzak jakitea (euskara, gaztelania eta ingelesa) eta parte hartzeko ezarritako egunetarako prestasuna positiboki baloratuko dira.

Finala

San Mamesen izango den finalean parte hartu nahi duten horiek UEFAren webgunean izena eman beharko dute. Erregistroa egitean ‘Bilbo’ aukera hartu behar da. Izena ematen duten horien guztien artean hautaketa prozesu bat egingo da. Horretarako elkarrizketak egingo dira (telefonoz eta aurrez aurre) hautagairik egokienak aukeratzen direla bermatzeko eta haien profilera eta prestutasunera hobekien egokitzen den rola esleitzeko. Kontuan hartu behar da finalaren egunaz aparte agian aurreko egunetan ere lan egin beharko dela.

UEFAk azaldu duenez, boluntarioek honako arlo hauetan lan egin ahal izango dute: akreditazioak, sarbide-kudeaketa, dopinaren aurkako kontrola, zeremoniak, ekitaldien logistika eta garraioa, operazioak, gonbidatuen kudeaketa eta protokoloa, abegi-ekoizpena, hedabideen operazioak eta zerbitzuak, babesleak, jasangarritasuna, telebista, egoitzen kudeaketa eta boluntarioen kudeaketa.

Boluntarioek laguntza emango diete kontratatutako pertsonei, eta opariak edo UEFAko arropa esklusiboa lortuko dute.