Zinemastea, euskal zinemaren 40 urte

Otsailaren 23tik martxoaren 2ra bitartean izango den XL. edizioan 11 film luze proiektatuko dira

Euskal Zinemaren Asteak bere  40. urteurrena ospatuko du aurten, berritasun garrantzitsuekin. Nabarmenena izen aldaketa da, iraganean ere erabili izan den Zinemastea izena berreskuratuko baitu. Gainera, aurtengo edizioan film luzeak bakarrik proiektatuko dira eta jaialdiaren iraupena 6 egunetik 9ra luzatuko da. Horrela, Vital Fundazioak antolatuta, Zinemastea otsailaren 23tik martxoaren 2ra egingo da eta hamaika film luze proiektatuko dira.

Film laburrek, berriz,  beren lekua izango dute Gasteizko Film Laburren Nazioarteko Jaialdian, eta dokumentalak Aste Dokumentalean aurkeztuko dira, biak ere Vital Fundazioak antolatuak.

Aurtengo filmak

Aurtengo film aipagarrienen artean daude “20.000 espezie erle”, Estibaliz Urresolak zuzendua eta 15 Goya sarietarako izendatua, eta “Robots Dreams”, Pablo Bergerrek zuzendua eta Oscar sarietarako izendatua. Gainera, Kepa Sojok eta Sonia Paciosek idatzitako liburu batek jaialdiaren 40 urteen historia jasoko du, euskal zinemagintzan izan duen bilakaera eta ekarpenari buruzko atzera begirako begirada eskainiz.

Zinemastearen 40. edizioaren inaugurazioa ostiralean, hilak 23, izango da, Jaione Cambraren “O corno” pelikularen proiekzioarekin. Otsailaren 24 eta 25eko asteburuan saio bikoitza eskainiko da, Isabel Hergueraren “El sueño de la sultana” eta Arantza Etxebarriaren “Chinas” filmekin.

Igandeko lehen saiorako, hilaren 25erako (17:00), Pablo Berger bilbotarraren “Robots Dreams” aukeratu da, eta aurtengo Oscar sarietan animaziozko film luze onenaren izendapena jaso du. Victor Iriarteren “Sobre todo de noche” filmarekin igandeko saioa itxiko da.

Otsailaren 26an, Estibaliz Urresolaren “20.000 erle-espezieren” eguna izango da. Besteak beste, Berlingo Zinemaldian interpretazio nagusi onenaren Zilarrezko Hartza irabazi du.

Victor Erice (83 urte eta 27 film) zuzendari beteranoa Zinemastera itzuliko da otsailaren 27an, “Cerrar los ojos” filmarekin. Film honek hamaika izendapen izan ditu Goya sarietarako, bederatzi Feroz sarietarako eta Cannesko Zinemaldiko “Cannes Premiere” sailean aurkeztu da lehiaketatik kanpo.

“Las buenas compañías”, Silvia Muntek zuzendua eta zuzendari katalanaren eta Jorge Gil Munárriz gipuzkoarraren gidoia izango da protagonista otsailaren 28an. Otsailaren 29an, “Una vida no tan simple”, helduen bizitzako une erabakigarri bati buruzko bidaia existentziala jorratzen duen filma izango da ikusgai. Bertan, Félix Viscarretek 40ko hamarkadako krisiaren erretratua egiten du. Jatorrizko gidoi onenaren Goya sarietan izendatua dagoen filma da.

Martxoaren 1ean, saio bikoitza izango da: “Las chicas están bien” (Itsaso Arana) eta “Upon entry” (Alejandro Rojas eta Juan Sebastián Vázquez).