Unibertsitatean diren ikasleentzat gero eta zailagoa da etxetik kanpo ikasteko etxebizitza merke bat aurkitzea. Ikerketa baten arabera, Bilbo da, Espainiako unibertsitate-hiri nagusien artean, ikasteko bosgarren hiririk garestiena. Prezioak guretzat altuak izan arren, Europako beste herrialdeekin alderatuta, nahikoa merke direla esan daiteke eta horrek hainbat ikasle atzerritar erakartzen ditu.

Udaren amaierarekin batera unibertsitate ikasturte berri bati eman zaio hasiera. Hainbat ikaslerentzat, hala ere, ikasturtea lehenago hasi da. Izan ere, unibertsitate-ikasle askorentzat ikasturtean izateko etxebizitza edo lojamendua aurkitzea haien lehen ikasgaia izan ohi da. Bestelako aukerarik izan ezean, ikasle gehienek pisu edo gela bat alokatu behar izan ohi dute. Sinplea izan daitekeen hori, berriz, buruhaustea bilakatu da azken urteetan alokairuen prezioetan izan den igoera dela eta.

Unibertsitatean diren ikasle askorentzat urtarrileko aldapa irailean izaten da. Etxetik ateratzea hainbat kilometrotara ikasteko ez da merkea izaten: matrikula gastuei joan-etorriko gastuak, pisuaren alokairua, etxebizitzari dagozkion fakturak edota ikasketetarako beharrezkoak diren baliabideen kostua gehitu behar zaie. Ezagutzera eman diren azken datuen arabera, Estatu mailan, batez beste, partekatutako ikasleen etxebizitzen prezioa ikasle bakoitzeko 2016. urteko 280 eurotatik aurtengo 300 eurotara pasatu da. Jarraian ikusiko dugun bezala, alde handiak daude hiriburu desberdinen artean. Uniplaces.es webguneak unibertsitate-hiri garrantzitsuenetan (Madril, Bartzelona, Bilbo, Valentzia, Santiago, Murtzia, Sevilla, Salamanca, Granada eta Malaga) ordaintzen diren gastuak alderatu ditu. Horretarako, nagusiki, hiru aldagai aztertu ditu: alokairuen prezioa, unibertsitate-tasak eta bizitza-kostuak (janaria, garraioa, aisia…). Horien artean, hiririk garestienak Bartzelona, Madril eta Salamanca lirateke. Bartzelona da, nabarmenki, ikasteko hiri garestiena, besteak beste, matrikula tasak oso altuak direlako eta garraiobide publikoak ere oso garestiak direlako. Batez beste, Bartzelonan ikasi ahal izateko ikasturte bakoitzeko 1.900 euro ordaindu behar dira eta garraiobideei dagokionez, hilero, 35 euro inguru. Alokairuei dagokienez, Bartzelona litzateke Espainiako bigarren hiri garestiena: batez beste, 407 euro hilero. Atal horretan, Madril da, aztertu diren hirien artean, alokairu garestienak dituen hiriburua: 414 euro hilero.

Eta gure artean zer? Aipatu ikerketaren arabera Bilbo da ikasteko bosgarren hiririk garestiena. Batez beste, ikasle batek 330 euro hilero ordaindu behar ditu bere lojamendurako. Unibertsitate-tasei dagokienez, ikasle batek, batez beste, 1.101 euro ordaindu behar ditu. Ikerketan azpimarratzen denez, Bilbo da erosketak egiteko hiririk garestiena: ikasle bakoitzak 151 euro inguru gastatu behar ditu janaria erosteko.

Ikerketan azaltzen ez bada ere, Donostian pisu bat aurkitzea gero eta zailagoa da. Prezio altuez gain (mila eurotik gora pisu batengatik edo 434 euro ikasle bakoitzeko), azken urteetan turismoak izan duen gorakada dela eta, gero eta gutxiago dira ikasleentzat eskaintzen diren pisuak. Izan ere, pisuen jabeentzako errentagarriagoa da pisua turistei alokatzea ikasleei alokatzea baino. Donostiako Udalak pisu turistikoak arautzeko onartu berri duen ordenantzarekin egoera normaltasunera buelta daitekeela uste dute askok. Pisu turistikoen kopurua mugatuko denez, hainbat jabe ikasleei alokatu beharrean izango dira.

Kopuru horiek guztiak ikusita, hemengo hainbat ikaslerentzat eta euren familientzat ezinezkoa da etxetik kanpo ikasi ahal izatea. Bestelako egoeran aurkitzen dira Europako hainbat herrialdetako ikasleak. Haien herrialdeetan alokairuak askoz garestiagoak direnez, Espainia aukera merkea dute euren goi-mailako ikasketak burutzeko. Agian, horregatik Espainia da Erasmus ikasle gehien jasotzen dituen herrialdea (%14,6). Pisos.com webguneak egin duen azterlan baten arabera, unibertsitatean den ikasle batentzat Espainian pisu bat partekatzea Europako herrialde nagusietan baino % 20 merkeagoa da. Europan, batez beste, 370 euro ordaintzen dira hilero. Erresuma Batua da, zalantzarik gabe, herrialderik garestiena (726 euro). Jarraian, Frantzia (550 euro), Italia eta Herbehereak (450 euro) eta Irlanda (400 euro) aurkitzen dira. Txanponaren beste aldean, berriz, Alemania aurkitzen da (285 euro).

LEAVE A REPLY

Please enter your comment!
Please enter your name here

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.