Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak 2026-2027 ikasturterako 190 Ikasiker beken deialdia onartu du, unibertsitateko ikasleak ikerketara hurbiltzeko helburuarekin. Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak 330.000 euro bideratuko ditu laguntza hauetara.
Onuradunek Euskadiko ikerketa-talde eta -zentroekin lankidetzan jardungo dute, proiektuetan parte hartuko dute eta bertatik bertara ezagutuko dituzte jarduera zientifikoaren berezko metodologiak.
Programa hau Euskadin erroldatuta egon eta unibertsitate-gradu bateko azken bi ikasturteetako batean edo master ofizial batean matrikulatuta dauden ikasleei zuzenduta dago.
2.000 euroko 150 beka ikasturte bakoitzeko
Deialdiak bi modalitatetan banatzen ditu laguntzak: 2.000 euroko 150 beka ikasturtean zehar lankidetzak egiteko, eta 750 euroko 40 beka udako aldirako. Dedikazioa astean sei eta hamabost ordu artekoa izango da, betiere eskola-ordutegiaren barruan, eta laguntzek prestakuntza-izaera hutsa izango dute.
Laguntzek prestakuntza-izaera hutsa izango dute
Lankidetzak Euskal Unibertsitate Sistemako ikerketa-taldeetan, Oinarrizko Ikerketako eta Bikaintasuneko Zentroetan (BERC), Osasun Ikerketako Institutuetan (IIS), Ikerketa Kooperatiboko Zentroetan (CIC) eta BRTA partzuergoari atxikitako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko zentro teknologikoetan garatu ahal izango dira.
Proiektuetan parte hartzeaz harago, Ikasiker programak jarduera zientifikoarekiko interesa piztea eta ikasleen artean bokazio berriak sustatzea du helburu. Bestalde, programak ikerketarekin lotutako aukera akademiko eta profesionalak ezagutarazten ditu.








