Gazteak Auzolanean 2022 dirulaguntza deialdia

Ekimen honek 18 eta 30 urte bitarteko gazteek egiten dituzten proiektu kolektiboen garapena laguntzen du

Gipuzkoako Foru Aldundiak Gazteak Auzolanean programarako eskaerak aurkezteko epea zabaldu du. Ekimen horren xedea da interes publikoa duten eraldaketa sozialerako prozesuak sustatzeko beren ingurunea inplikatuz 18 eta 30 urte bitarteko gazteek egiten dituzten proiektu kolektiboak laguntzea. Dirulaguntza jarrera sortzailea eta iniziatiba duten eta gizartearen aldeko proiektu kolektibo bat sortu eta garatu nahi duten gazteei zuzentzen zaie.

Gazteak Auzolanean aurtengo ediziorako Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirola Sailak 20.000 euro bideratu ditu. Eskaerak aurkezteko epea datorren apirilaren 27an amaituko da.

Programara aurkezteko, gutxienez 18 eta 30 urte arteko 3 pertsonekin osatutako talde bat sortu behar da. Taldeek aurten bertan egin beharko den irabazi asmorik gabeko proiektu bat gauzatzea proposatu beharko dute.

Aurkezten diren egitasmoek honako arloren batean oinarritu beharko dute: egitasmo artistikoak edo kultural komunitarioak; ingurunearen zaintza eta jasangarritasuna; eta, genero berdintasuna, euskara, kulturartekotasuna, elkartasuna, eta beste alorretan oinarritutako gizarte edo komunitatearen eraberritze proiektuak.

Aurkezten diren egitasmo guztien artean lau aukeratuko dira eta horietako bakoitzak 1.500 eta 5.000 euro bitarteko laguntza jasoko du 2022ko ekainaren eta 2023ko ekainaren artean garatu ahal izateko.

Aurtengoa Gazteak Auzolanean laguntza deialdiaren seigarren edizioa da. Aurreko edizioetan gazteek mota askotako egitasmoak garatu dituzte: ikus-entzunezko laburrak, zeinu-hizkuntzaren dibulgazio-saioak, antzerki soziala eta komunitarioa, on line hezkuntza-laguntzarako proiektuak…