Arabako natura-parkeen programazioa uda honetarako

Aizkorri-Aratzen ‘bioblitz’ bat egingo da, espezieen bilaketa intentsiboa eta zehatza

Arabako Valderejo, Gorbeia, Izki eta Aizkorri-Aratz natura-parkeek hainbat jarduera programatu dituzte uda honetarako. Horietatik guztietatik, agian, interesgarriena ekainaren 11an Aizkorri-Aratzen izango den ‘bioblitz’ bilaketa izango da. Egun horretan, 24 orduz, zehaztutako eremu batean, bizirik dauden espezie guztien bilaketa intentsiboa egingo da zenbait zientzialari eta naturalistekin batera.

Ibilbidea goizeko 8etan hasiko da Araiako Parketxean. Ordu horretan hegaztien bilaketa hasiko da eta 11etan, berriz, ugaztun, narrasti, anfibio, odonatu eta eguneko tximeletena. Arratsaldean, berriz ere, hegaztiak begiztatzeko irteerak egingo dira eta gauean, gaueko tximeleten txanda izango da. Jarduera honen helburua da interesdunek antolatutako laginketetan parte hartzea, lurraldeko biodibertsitatearekiko interesa hurbildu eta indartzeko. Jarduera Aranzadi Zientzia Elkartearekin batera antolatu da eta bertan parte hartzeko ez da aldez aurretik izena eman behar. Jarduera honetan parte hartzera animatzen dien horiek nahi adina irteera egin ahal izango dituzte eta animaliak antzemateko metodologiak ikasteko aukera izango dute.

Bestalde, ekainaren 19an Izkiko behatoki astronomikoan eguzki-behaketa bat egingo da.

Hainbat proposamen

Ekainean gozatu ahal izango diren bestelako proposamenak honako hauek dira: hegaztien migrazioari buruzko ipuin-kontalari bat (gazteenentzat) eta sketching-tailer bat (Valdererejon) espazio, pertsona edo une jakin baten zirriborroa marrazteko teknika ikasteko.

Gorbeiako irteera botanikoei eta Araiako industria-ondarea ezagutzeko egingo diren irteerez gain, Izkin eta Valderejon iraganera bidaiatzeko aukera izango da eta bisita geologikoen bidez azken milioi urteetan paisaia nola aldatu den ezagutzeko aukera izango da.

Jarduera guztiak doakoak dira eta bioblitzean izan ezik, beste guztietan izena eman behar da aldez aurretik. Horretarako, parke bakoitzaren webgunean sartu behar da jarduera hasi baino 48 ordu lehenago. Izena ematen duten horiek mezu bat jasoko dute jardueraren ezaugarriekin eta segurtasun neurriekin.