Mugaz gaindiko esparruak sortzeko unea da

Ez da urte erraza izan 2020a eta horrek sekulako eragina izan du esku artean ditugun proiektuetan. Are gehiago elkarlana eta lurraldez mugitzea eskatzen zutenetan. Kontziente gara ez garela bakarrak eta moldatzea besterik ez da geratzen helburuak bete nahi badira. Eta kasu honetan sinetsita nago eta gaude helburuak bete behar direla identifikatutako arazoei irtenbideak bilatzeko.

Apirila amaieran mugaz gaindiko topaketa egitekoak ginen Eusko Ikaskuntzarekin, Nafarroako Gazte Kontseiluarekin eta Udako Euskal Unibertsitatearekin elkarlanean, baina atzeratu egin behar izan dugu. Ez hori bakarrik, iparraldean egiteko topaketa ere modu telematikoan egin behar izan da uneko egoera zela-eta osasun eta segurtasun baldintzak bermatzeko. Behin hiru topaketak eginda, Donostian 2019ko abenduan, Iruñean 2020ko otsailean eta aipatutako azkena maiatzean modu birtualean, ateratako ondorioak, identifikatutako behar eta nahiak eta proposamenak batu ditugu diagnostiko komuna izateko eskuartean.

COVID-19aren ondorioz bizi dugun egunerokoak jarduna eten ez dezan eta proiektuak erritmoa mantentzeko asmoz, parte-hartzaileei ondorioak foro birtual batean aurkeztu genizkien. Era honetara lankidetzarako mekanismoak lantzen jarraitu dugu, baina duela gutxi hurrengo pausuak zehazteko bilera baten bitartez.

Lurralde bakoitza eta honen barneko herri eta hiriak oso ezberdinak badira ere, gazteek kezka handia azaldu dute hainbat konturekin: testuinguru sozioekonomikoa, hezkuntza formal zein ez formal eredua eta horrek gizartean duen eragina edo partaidetza eta gobernantzarako gazteok ditugun aukerak. Eta azken hori izan da #GazteAgora ekimenaren funtsa: gazteok gidatutako proiektua, gazteoi ahotsa emateko sortua eta gazteon saretzeak errazteko pentsatua. Eta horri esker, hiru lurraldeetako foroen emaitzei esker, ikusi da gure bizitzan erabateko eragina duten eta arduratzen gaituzten gaiak ditugula.

Nabaria da gure bizitza-proiektuak garatzeko ezintasuna. Egiten dugunean esfortzu handia eskatzen digu, ditugun enpleguen kalitatea ez baita ez merezi eta ez nahi duguna eta, hori gutxi balitz, etxebizitzarako sarbidea ez da batere erraza. Prekarietatea, soldata baxuak, lanaldi partziala, alokairu altuak edo hipoteka lortzeko zailtasunak gure eguneroko ezaugarriak dira. Zilegi ez bada ere. Eta horrek frustrazio handia sortzen du, politika mundutik aldenduz eta gure partaidetza murriztuz.

Erantzunak eta irtenbideak bilatzeko asmoz, aipatutako proposamen batzuk hauek dira. Batetik, gazteok gure komunitateetan eragiteko tresna, egitura eta eremu propio eta berezituak izatea, eragiteko zein erabakiak hartzeko ahalmenarekin. Bestetik, lurralde barruan zein lurraldeen artean elkar ezagutzarako eta praktika onak partekatzeko eremuak sustatzea, horiek zehar-lerrokoak izan daitezen. Era berean, muga administratiboak gainditu eta lurraldekako benetako beharren arabera eta praktikotasun bati begira kooperazio ardatza koherenteak bultzatzea identifikatutako arazoei erantzuteko. Eta, azkenik, hezkuntza sistema eraldatzea, gazteon ahalduntzerako oinarrizko tresna baita. Soilik horrela jorratuko baitugu komunitatean dugun papera.

Aipatutakoa, gainera, hurrengo pausuen abiapuntua izango da. Izan ere, aurrez esan bezala, lanean jarraituko dugu. Batetik, sortutako ideiek, sinergiek eta saretzeak jarraipena eta sakontzea behar dutelako; bestetik, Euskal Herriko gazteoi eragiten diguten erronkei aurre egiteko modu kolektiboan proiektu zehatzen identifikazioa beharrezkoa delako. Lehen pausuak eman ditugu eta bertan jorratutakoa finkatu ostean, hurrenak emateko txanda da. Sarea josi dugu, eragileen elkarlana sendotu da eta erritmoak hartuta mugaz gaindiko proiektuen txanda da. #GazteAgora ekimena ez da gelditu.

Maialen Olabe
EGKko presidentea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.