Zabalik Gazte Klik Klak lehiaketan lanak aurkezteko epea

Abian da Gazte Klik Klak, 14 eta 25 urte bitarteko gazteentzako argazki eta bideo digitalen lehiaketa. Argazki serieak, bideo lanak eta gif animatuak azaroaren 21era arte aurkeztu ahal izango dira. Lanak lehiaketaren oinarrietan zehazten diren formatuetan aurkeztu beharko dira. Lanak posta elektronikoaren bidez bidal daitezke gazteklikklak@gmail.com helbidera idatziz edo zuzenean CD batean Plaza Berrian (Espainia Plazan) den Gazte Informaziorako Udal Bulegoan.

Aurtengoa, Gasteizko Udalaren Gazteria Zerbitzuak antolatzen duen lehiaketaren XIII. edizioa da eta ‘Utopia’ lelopean garatuko da, hiriarekin, giza-harremanekin, teknologiarekin eta ekologismoarekin harremana duten planteamendu utopikoak bilatzen baitira. Antolatzaileek azaldu dutenez, lehiaketa horren bidez, “irudimenezko pasabideak eta lotura ausartak ezarri nahi dira historiak ematen dizkigun fikzioen eta etorkizunak dakarzkigun ziurgabetasunen artean”. “Deialdi berri honetan, gazteek, argazkigintzaren eta ikus-entzunezkoen bidez, beren ingurune hurbilean utopiari buruz duten ikuspegia islaraztea/irudikaraztea nahi dugu” azpimarratu dute.

Erakusketa

Irabazle suertatzen diren lanekin ‘Tetrapack’ izeneko erakusketa kolektiboa antolatuko da datorren urtearen bigarren hiruhilekoan. Aipatu erakusketa, Zas Kultur Kolektiboa ordezkatuz, Nuria Pérez Cárcamok zuzenduko du.

Aurkezten diren lan guztien artean lau aipamen berezi banatuko dira. Irabazleek 300 euroko 300 euroko lau bono trukagarria jasoko dituzte, argazki, bideo edo kultura materiala erosteko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.