Vital Fundazioak, Arabazan Ahozkotasunaren Elkartearekin lankidetzan, proiektu berritzaile bat abiarazi du Euskadin: Euskadiko lehen Kontalaritza Eskola. Ekimen honen helburu nagusia da sare sozialen eta adimen artifizialaren aroan indarra galdu duen praktika tradizionala den ahozko transmisioa berreskuratzea eta sustatzea.
Kontalaritza Eskola hainbat sektoretako profesional eta zaleei zuzenduta egongo da, hala nola hezitzaileak, kultur teknikariak, familien elkarteak, liburuzainak eta gazte taldeak. Bere egoitza Garaion Sorgingunea sorkuntza-zentroan izango da. Prestakuntza jarduerak 2024ko azaroan hasiko diren.
Eskolaren programa hiru ikasturtetan egituratuko da. Lehenengo bi urteetan, ikasleek ahozko narraziorako funtsezkoak diren kontzeptu teoriko-praktikoak landuko dituzte. Hirugarren urtean, dramaturgietara eta ikuskizunetara eramango da ikuspegia, eskuratutako ezagutzak proiektu artistiko zehatzetan aplikatzeko. Ikasgaien artean mitologia, komunikazio-kodeak, kontakizunaren egitura, sinbologia, ahots- eta eszenografia-teknikak, genero-ikuspegia eta hiri-kondairak daude.
Kontalaritza Eskolako irakasle-taldea narratiban eta arte eszenikoetan eskarmentu handia duten profesionalek osatuko dute. Itziar Rekalde aktore eta idazlea izango da koordinatzailea. Juan Kruz Igerabide, haur eta gazte literaturan idazle ezaguna, eta José Campanari, antzerki zuzendaria eta ahozko narrazioan aditua, ere irakasle izango dira. Gainera, Oihana Ameskuak, Filosofiako irakasleak, gai filosofiko eta sinbolikoetan duen ezagutza eskainiko du.
2024 eta 2025ean zehar, Vital Fundazioak ahozko narrazioarekin lotutako zortzi doako ikuskizun antolatzea ere aurreikusi du, diziplina hori publiko orokorrari hurbiltzeko eta euskal kulturan duen presentzia indartzeko.
Ipuin Kontalaritza Eskolan parte hartu nahi dutenek izena eman dezakete edo informazio gehiago eskatu arabazanarabazan@gmail.com helbide elektronikoaren bidez.