Alokairurako laguntzak Getxoko gazteentzat

Deialdi berriak berrikuntza garrantzitsuak dakartza, hala nola diru-sarreren baremoak eguneratzea edo laguntzak eskatzerakoan udalerrian erroldatuta egon beharra kentzea.

 Irakurketa denbora: 2 Minutu

Datorren ekainaren 30era arte, Getxoko Udalak irekita izango du 18 eta 35 urte bitarteko gazteei zuzendutako alokairurako laguntzak eskatzeko epea. Udalak 150.000 euro bideratu ditu deialdi honetarako, baina aurreratu duenez, kopuru hori 250.000 eurora arte zabal daiteke.

Deialdi honen helburuak dira, batetik, gazte getxotarren emantzipazio-prozesua erraztea eta, bestetik, udalerriko edozein eremutan alokairuko etxebizitza bat eskura dezaten sustatzea. Laguntzak Eusko Jaurlaritzaren Emantzipa programarekin bateragarriak dira, eta horrek onuradunei aldi berean bi prestazio jasotzeko aukera ematen die.

Laguntzaren zenbatekoak eta iraupena

Laguntzek hileko alokairuaren % 20-50 artean estaltzen dute, hileko 550 euroko mugarekin. Dirulaguntza eskatu ahal izateko etxebizitzaren errenta ezin izango da hileko 1.100 eurotik gorakoa izan, garajea, biltegia edo komunitatearen gastuak kontuan hartu gabe.



Dirulaguntza eskatzen duten gazteek hiru deialditara aurkeztu ahal izango dira, baina jasoko duten kopurua geroz eta txikiagoa izango da. Horrela, lehen deialdian kalkulatutako zenbatekoaren % 100 jasoko dute, bigarrenean % 75 eta hirugarrenean % 50.

Dirulaguntzek gehienez 12 hilabeteko epea estaltzen dute 2024ko uztailaren 1etik 2025eko ekainaren 30era bitarteko alokairuetarako.

Laguntza eskatzeko baldintzak

Dirulaguntza hauek eskatu ahal izateko eskatzen diren diru-sarreren mugak eguneratu egin dira deialdi honetarako. Horrela, familia-unitatearen motaren arabera, onuradunek ezin izango dute urteko 28.860 euroko edo 45.022 euroko muga gainditu.

Deialdi honetan den beste berrikuntza garrantzitsu bat da ez dela antzinatasunik eskatuko udal-erroldan. Eskatzaileek Getxon erroldatu besterik ez dute egin behar alokairuko kontratua sinatu ondoren, eta horrek udalerrira aldatu nahi duten gazteei sarbidea erraztuko die.



2023-2024ko laguntzen deialdian, Udalak 85 dirulaguntza eman zituen, guztira 114.854 euro banatu zirelarik.

Eskaera nola aurkeztu

Eskaerak lehentasunez modu elektronikoan aurkeztuko dira udal webgunearen bidez. Eskaerak aurrez aurre ere eskatu ahal izango dira, baina horretarako hitzordua eskatu beharko da Ondarea eta Etxebizitza Unitatean. Aurrez aurreko arreta-ordutegia astelehenetik ostiralera 10:00etatik 13:00etara da. Hitzordua eskatzeko 94 466 00 44 edo 94 466 00 45 telefonoetara deitu behar da. Interesdunok ondarea@getxo.eus helbidera idatziz ere argitu ditzakete zalantzak.