Alokairurako laguntzak Hernanin

Laguntzak eskatzeko epea datorren maiatzaren 11n amaituko da. Udalak 186.00 euro bideratuko ditu alokairuen ordainketak laguntzeko.

Hernaniko Udalak, zortzigarren urtez jarraian, etxebizitzen alokairua laguntzeko deialdia egin du. Eskaerak egiteko epea datorren maiatzaren 11an amaituko da. Udalak 186.000 euro bideratuko ditu bi lerrotan banatuta dagoen deialdira. Lerro bakoitzak kopuru bera izango du. Lehenengo lerroan 93.000 euro izango dira 18 eta 35 urte bitarteko gazteen alokairua laguntzeko. Bigarrenean, berriz, beste 93.000 euro izango dira 36 urtetik gorakoentzat.

Alokairuen ordainketa laguntzera bideratutako laguntza horien xedea da, alde batetik, gazteen emantzipazioan laguntzea eta, beste alde batetik, udalerrien etxebizitzen alokairua sustatzea. Deialdian parte har dezakete 2021. urteko azaroaren 11 baino lehen Hernanin erroldatuta egonik alokairuan bizi diren 18 urtetik gorako biztanle guztiak.

Laguntzak banaka edo bizikidetza-unitateka eska daitezke. Diruz lagunduko dira aurtengo urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean egiten diren alokairu-gastuak eta gehienez lagunduko den errenta 750 eurokoa izango da.

Onuradunak

Laguntza jaso ahal izateko eskatzaileek ezin izango dituzte, banakoen kasuan, urtean 28.000 euro gordin baino gehiagoko sarrerak izan. Bizikidetza-unitateeen kasuan, sarrerek ezin izango dute 39.000 euroko langa gainditu. Laguntza ere eskatu ahal izango dute 22.330 euro baino gutxiago irabazten duten autonomoek. Urtean jaso daitekeen gehienezko laguntza 3.300 eurokoa izango da.

18 eta 35 urte bitarteko gazteen kasuan, urtean 18.000 euro gordin baino gutxiagoko sarrerak dituzten horiek Gaztelagun dirulaguntza eskatu beharko dute udalaren laguntza eskatu baino lehen.

Hernaniko Udalak eskaintzen duen laguntza honen inguruko informazio guztia bere web gunean aurki daiteke.