Hiru urte pasatu dira Gasteizen distantzia ertaineko azken triatloia ospatu zenetik. Aurten proba hori bueltan izango da Arabako hiriburura, ekainaren 4an, hain zuzen ere. ‘Vi half Gasteiz’ izena izango duen probak izaera herrikoia izango du, baina, aldi berean, distantzia erdiko Arabako eta Euskadiko txapelketetako proba ofiziala ere izango da.
Distantzia erdiko triatloi honen ezaugarrietako bat bere ibilbide zorrotza da. Igeriketa probak hasiera emango dio lasterketari. Parte-hartzaileek 1.900 metro igeri behar izango dituzte Garaioko urtegian.
Ura utzi eta berehala bizikleta hartu behar izango dute 90 kilometroko ibilbidea osatzeko. Ibilbideak 700 metroko desnibel positiboa izango du eta nagusiki Arabako Lautadan zehar igaroko da: Zuhatzu Donemiliaga, Gordoa, Galarreta, Zalduondo, Egino, Agurain, Gereñu, Alegria, Oreitia, Argomaiz, Zurbano eta Arkauti.
Lasterketari amaiera emateko parte-hartzaileek 21 kilometroko lasterketa egin beharko dute. Oinezko lasterketaren irteera unibertsitateetan izango da eta helmuga, berriz, Olagibel kalean izango da. Guztira hiru bira eman beharko dizkiote Gasteizko Hirigune Historikoa zeharkatuko duen zirkuituari.
Nazioarteko proba jasangarria
Arabarren partaidetza % 40koa da dagoeneko, baina ekitaldia ez da lurralderako bakarrik; nazioarteko izaera du, eta Finlandia, Frantzia eta Australiako parte hartzaileak ere izango dira. Jada izena eman duten horien artean zenbait izen ezagun daude, hala nola, Roger Manyá (Estatuko distantzia ertaineko txapeldunordea), Gasteizen bizi den Ruth Brito, ANB taldea, Joan Colino, María Pujol, Mikel Ugarte eta Anna Noguera.
Probak izaera jasangarria ere izango du. Hortaz, proba guztian zehar hainbat ekintza zehatz izango dira, hala nola, hondakinak gutxitu, berrerabili eta birziklatu; ur eta energia kontsumoa murriztu; eta, ingurunea garbitzeko kudeaketa jasangarria eta mugikortasun berdea, autobus partekatuak erabilita.
Izena emateko epea datorren maiatzaren 31n amaituko da. Probaren inguruko informazio guztia vihalfgasteiz.com webgunean ikus daiteke.