Gasteizek hamar jarduera kultural antolatu ditu LGTBI-fobiaren aurkako Eguna ospatzeko

‘Puto Mikel’ dibulgatzaileak hasiera emango dio maiatzaren amaierara arte iraungo duen hitzaldi, zinema eta musika zikloari

 Irakurketa denbora: 2 Minutu

Maiatzaren 17an ospatzen den LGTBI-fobiaren aurkako Nazioarteko Eguna ospatzeko Gasteizko Udalak antolatu duen programak hamar jarduera kultural biltzen ditu. Egun horren helburua da lesbofobia, homofobia, transfobia eta bifobia jasaten dituzten pertsonen eskubide urraketak salatzea eta LGBT eskubideen aldeko lanarekiko interesa munduan zehar piztea.

Udalak antolatu duen programazioa ‘Hautsi dezagun sexu- eta genero-araua. Amaitu dezagun diskriminazioarekin’ lelopean aurkeztu da eta hainbat jarduera bilduko ditu hilabetearen amaierara arte.

Egitaraua maiatzaren 7an hasiko da ‘Sodomitas, vagas y maleantes’ izeneko prestakuntza-saioarekin. Hitzaldia arkeologian doktore Mikel Herrán eta sare sozialetan ‘Puto Mikel’ izenez ezaguna den historiaren dibulgatzaileak emango du, Emakumeen Etxean.



Maiatzaren 8an, Federico García Lorca antzokian, Isabel Cadenas kazetariaren ‘De eso no se habla’ podcast dokumentala aurkeztuko da. Proiektu horrek isilpean mantendu izan diren errealitateak ikusgai jartzea du helburu.

Maiatzaren 9an,  Emakumeen Etxea izango da, berriz ere, jardueren gunea, Nuria Gregori erizain eta Genero eta Gizarte Antropologia ikasketetan doktorearen ‘Intersexualitateak: sexu ezaugarri desberdinak dituzten pertsonen inguruko larrialdiak eta eztabaidak’ hitzaldiarekin.

Narrazio berriak eta hezkuntza

Maiatzaren 12an, astelehena, Emakumeen Etxean egingo da ‘LBTQ+ emakume errefuxiatuei buruzko narratiba berriak’ izeneko prestakuntza, Aldarte elkarteko Beatriz de Lucas-en eskutik.

Hurrengo egunean, Maiatzaren 13an, HUHEZIko irakasle eta ikertzaile Amelia Barquínek generoari, aniztasun sexualari eta haur literaturari buruzko prestakuntza eskainiko du euskaraz.

Maiatzaren 16 eta 17an, nazioarteko eguna ospatzen den egunetan, CSICeko ikerlari doktoreak Alfredo Ramosek “Maskulinitatea eta zaurgarritasuna. Maskulinitatea ‘gizonen gauza bat’ izatetik harago pentsatzea” ikastaroa emango du.

Azken gogoetak eta adierazpen artistikoak

Egitarauaren amaiera maiatzaren 20an izango da, euskaraz eskainiko den ‘Heterosexualitatea amaitzeko: bollerismoak’ izeneko hitzaldiarekin, Mijo Lizarzaburu filosofoaren eskutik.



Programari amaiera emateko, bi adierazpen artistiko eskainiko dira: maiatzaren 22an, Florida Zinemetan, Tünde Skovran zuzendari errumaniarraren ‘Who I Am Not’ filmaren inguruko zineforuma, eta maiatzaren 28an Félix Petite antzokian, Eddie Circa-ren ‘En el bosque un claro’ kontzertua.

Araua zalantzan jartzeko komikia

Aurtengo kanpainarako hautatutako irudia Susanna Martín ilustratzaile eta diseinatzaile grafikoaren komiki bat da. Tonu arin batean, irudiak pertsona ez-binario eta arrazializatu bat erakusten du emakume zuri bati galdetzen: “Noiz konturatu zinen heterosexuala zarela?”. Galdera horrek emakumea harritu egiten du, inork ez baitio lehenago horrelakorik galdetu, ziurtzat jotzen baitu heterosexuala izatea dela “normala”, komatxo artean.

Irudi honek erakutsi nahi du heterosexualitatea oraindik ere arautzat hartzen dela, eta bestelako sexu-orientazioak salbuespentzat jotzen direla. Komikiak egoera ohiko bat irauli nahi du: sarritan, ez-heterosexualak diren pertsonek jasotzen dituzte horrelako galderak, heterosexualitatea “berezko egoera” balitz bezala.