Gazte Artek Gasteizko lau artista gazteren proposamenak saritu ditu

Lehiaketaren bosgarren edizioak zortzi proposamen jaso ditu, eta lan irabazleak Montehermoson egingo den tailer ireki batera eramango ditu 2027ko urtarrilaren 2tik 8ra

Egilea:  Lander Bolado
Argazkia:  sortzen_vg
Hitz kopurua:  256
Irakurketa denbora:  Minutu bat

Gazte Arte lehiaketaren bosgarren edizioak Gasteizko artista gazteen lau proposamen saritu ditu, aurkeztutako zortzien artean. Mireya Jiménez Pérezek, Iratxe Arrilucea Apraizek, Uma Fernández de Larrea Mondejarrek eta Irache del Cabo Oteizak beren lanak garatuko dituzte Montehermoson egingo den jendearentzako tailer ireki batean, 2027ko urtarrilaren 2tik 8ra.

Parte-hartzaileen % 75ek 20 urte baino gutxiago ditu. Proposamenetako seik 14 eta 19 urte arteko gazteei zuzendutako kategorian hartu zuten parte, eta beste biek, 20 eta 25 urte arteko parte-hartzaileentzako kategorian.

Lau diziplina eta zortzi proposamen

25 urteko Mireya Jiménez Pérezek irabazi du Lugares por dentro lanarekin, argazkigintza, ehungintza eta espazioa uztartzen dituen proposamenarekin. 20 urteko Iratxe Arrilucea Apraiz Pisukideak komikiagatik saritu dute. 18 urteko Uma Fernández de Larrea Mondejarrek Barrukoa kanpoan askotan ikusezin aurkeztu du, eskultura, argazkigintza eta collagea uztartzen dituen lana. Azkenik, 19 urteko Irache del Cabo Oteiza Umbral Onírico lanagatik saritu dute, pintura, mosaikoa eta eskultura biltzen dituena.

Parte-hartzaileen % 75ek 20 urte baino gutxiago ditu.

Epaimahaiak honako alderdi hauek balioetsi ditu: kalitate artistikoa eta teknikoa, publikoarekiko interakzioa, materialekiko sentikortasuna eta proposamenak tailer ireki batean garatzeko aukera. Lau irabazleek Alba Tojoren, Mel Arranzen eta Ani Chkhartishviliren tutoretza izango dute; azken hori Gazte Arte lehiaketako irabazlea izan zen 2023an.

Lanak Montehermoson erakutsiko dira

Tailerrari esker, publikoak lanen sorkuntza-prozesua ezagutu ahal izango du. Behin amaituta, 2027ko urtarrilaren 28tik otsailaren 28ra egongo dira ikusgai Montehermosoko Jovellanos aretoan.

Saritu bakoitzak, gainera, 300 euroko opari-txartel bat eta beste 100 euro jasoko ditu materialak erosteko. Lehiaketak katalogo bat ere argitaratuko du, lanak eta sortzaileen ibilbidea jasotzeko, eta proposamenak formatu birtualean eskainiko ditu udalaren webgunearen bidez.