
Irakurketa denbora: Minutu 1
Gasteizko Udalak gazteei zuzendutako ‘Ez arriskatu!’ sentsibilizazio-kanpaina abiatu du. Kanpaina horren xedea da bide-segurtasuna sustatzea eta alkoholaren eta drogen eraginpean bizikletak edo patineteak gidatzearen arriskuez ohartaraztea.
Gazteria zinegotzi Ana López de Uraldek azpimarratu du kanpainak informazio argia eskaini eta erabaki arduratsuak sustatu nahi dituela. “Kanpaina honen helburua da gazteak informatuta egotea eta erabakiak modu kontziente eta arduratsuan hartzea, erabaki inpultsibo batek ondorio atzeraezinak izan baititzake” adierazi du. Izan ere, substantzien eraginpean gidatzeak erreakzio-, oreka-, ikusmen- eta arreta-gaitasunari eragiteaz gain, norberaren bizitza eta ingurukoena ere arriskuan jartzen ditu.
Ez arriskatu!
Zabalkunderako, kanpainak hainbat bide erabiliko ditu, hala nola udal webgunea eta sare sozialak, kartelak, liburuxka informatiboak eta substantzien eta gidatzearen nahasketaren arriskuei buruzko mezu zuzenak dituzten bideoak. Ekintza hau udal V. Gazte Planaren parte da eta Gazteria Zerbitzuaren, Osasun Publikoko Zerbitzuaren eta Udaltzaingoaren partaidetzarekin garatu da.
Kanpainaren mezu nagusiak alkohol eta drogen kontsumoaren ondorio negatiboak azpimarratzen ditu. Ondorio horietako batzuk dira:
- Erreakzionatzeko gaitasunaren murrizketa: erreflexuak kaltetuta daude, ustekabeen aurrean erantzuteko denbora luzatuz.
- Oreka galtzea: egonkortasuna gutxitzen da, bizikleten eta patineteen kontrola zailduz.
- Ikusmenaren narriadura: oztopo eta trafiko seinaleen pertzepzioa kaltetuta dago.
- Arretaren murrizketa: distrakzioen eta akatsen arriskua handitzen da.
Gainera, gaueko irteera baten ondoren etxera itzultzeko alternatiba seguruak aukeratzeak duen garrantzia ere azpimarratzen du kanpainak. Garraio publikoa, taxiak edo oinez joatea gomendatzen da substantziak kontsumitu ondoren edozein motatako ibilgailua gidatu beharrean. Gogorarazten da ere, osotasun fisikorako arriskuaz gain, zehapen ekonomiko handiak ere izan daitezkeela.