
Irakurketa denbora: Minutu 1
Euskal Herriko lau konpainia izango dira EKO-Zirku Pirinioak mugaz gaindiko europar lankidetza-proiektuan. Guztira, hamabost izango dira Europar Batasunak babestuta zirkuaren sektorearen gaitasunak indartu eta bere trantsizio ekologikoa sustatu nahi duen egitasmo honetan parte hartuko duten konpainiak. Programari esker, konpainia horiek datorren urtean estreinatuko diren ikuskizunak sortzeko aukera izango dute.
Eko-Zirku Pirinioak programak 1,6 milioi euro baino gehiagoko aurrekontua du. Esan bezala, Europar Batasunak finantzatzen du % 65ean Eskualde Garapenerako Europako Funtsaren (EGEF) bidez, 2024-2027 aldirako POCTEFA programaren barruan. Euskal Herriari dagokionez, Arabako Foru Aldundiak proiektuaren bazkide gisa parte hartuko du, eta laguntzaile izango dira Vital Fundazioa, Gasteizko Udala eta Garaion Sorgingunea.
Eko-Zirku Pirinioak
Programaren helburua da mugaz gaindiko zirkuaren sektoreak sorkuntzan, ekoizpenean eta hedapenean oinarritutako eredu klasikoa eralda dezan sustatzea. Proiektuen hautaketan lurralde proportzionaltasuna, genero ordezkaritza eta proposamenen aniztasuna bezalako irizpideak kontuan hartu dira. Guztira, Euskal Herriko lau proiektu aukeratu dira: Kankarro Konpainiaren ‘Kankarro’, Rouge Elea-ren ‘Lurruna’, La Trapecionista-ren ‘Zuhamu’ eta Twisting the Balance-ren ‘Baubo’.
Aukeratutako artistek 12.000 eta 15.000 euro artean jasoko dituzte dietak, egonaldiak eta mugikortasunerako. Horrez gain, gorputzaren zainketari eta material berritzaileen erabilerari buruzko prestakuntzak ere izango dituzte. Gainera, bi edo hiru egoitza-gune eta programazio aukerak izango dituzte Pirinioen bi aldeetan.
Bazkideen, kideen eta konpainien arteko lehen topaketa otsailean izan zen Garaionen, lehen lan-ildoak ezarri zirelarik. Martxoan, Frantziako Tolosan, Hackathon bat egingo da non ibilbideak eta programazioak definituko diren.
Ikuskizunen estreinaldiaz haratago, proiektuak lurralde bakoitzean eragina sortu nahi du bitartekaritza jardueren bidez. Horrela, Araban zirkua aberastu eta konpainien artean ezagutza eta esperientzien trukeak sustatu nahi dira.